GARA
BILBO

«Elkarrekin esnatzeko ordua» nobelan oinarritutako «Karmele» filmatzen ari dira

Asier Altuna euskarazko «Karmele» lana filmatzen ari da egunotan, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreekin. Kirmen Uriberen «Elkarrekin esnatzeko ordua» (Susa) eleberrian inspiratuta, Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarrituta dago.

Altuna, Jone Laspiurrekin eta Eneko Sagardoyrekin lanean.
Altuna, Jone Laspiurrekin eta Eneko Sagardoyrekin lanean. (David HERRANZ)

Asier Altuna zinemagile bergararra (“Amama” eta “Aupa Etxebeste!”) lan luze berria filmatzen ari da egunotan, Txintxua Films SL eta Esnatzeko Ordua Films AIE-k ekoitzia. Maiatza bukaera arte ariko dira “Karmele” filmatzen, Euskal Herriko eremu desberdinetan.

Jone Laspiur (“Ane”, “Maixabel” eta “Akelarre”) eta Eneko Sagardoy (“Irati” eta “Handia”) dira film berri honetako bi protagonistak, lehen aldiz elkarlanean Karmele eta Txomin bikoteari bizia ematen diotenak. Horiekin batera, Nagore Aranburu (“Irati”) eta Javier Barandiaran (“Maixabel”), ariko dira, Karmeleren gurasoen paperean.

GERRA, MUSIKA, MAITASUNA...

Karmele (Jone Laspiur) erizain euskaldun bat da, 1930eko hamarkada amaieran Estatu frantsesean erbesteratuta dagoena. Han, Txomin ezagutuko du (Eneko Sagardoy), tronpetista bertutetsu bat. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorio bat biziko du, Paris, Caracas eta Euskal Herria kokaleku izanik.

Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarritu da filma, eta Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberrian inspiratuta dago. Nobela zortzi hizkuntzatara itzulita dago, eta Espainiako Kritikaren Saria (euskarazko narratiba) eta Euskaltzaindiaren urteko liburu onenaren saria irabazi zituen.

Asier Altuna zuzendariak honakoa azaldu du film luze honen inguruan: «‘Karmele’ askatasun faltaren aurrean agertzen den pertseberantzia, borroka eta duintasunari buruzko pelikula bat da. Era berean, kultura, musika eta artea zeharkatzen dituen bidaia bat ere bada. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldiren elkarbizitza erakusten duten historia familiarrek. Karmele ezagutarazi nahi dut, gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar izan dien emakumea, jarrera ausart eta konprometitua duena, bere ideiekiko kontsekuentea, eta ideia horiek erabakitasunez defendatzen dituena».

BERTAKO LANTALDEA

Proiektu honi lau urtetik gorako lana eskaini dio Altunak, Marian Fernandez Pascal ekoizle eragile eta Txintxua Films ekoiztetxeko arduradunarekin batera. Zinemagileak idatzi eta zuzendu du filma, eta bere ohiko lantaldea du ondoan, euskal zinemagintzako profesional aitortuenetako batzuek osatzen dutena: Ander Sistiaga da (“La trinchera infinita” eta “Handia”) produkzio zuzendaria; Javier Agirre (“La trinchera infinita”, “Handia” eta “Amama”), argazki zuzendaria; Zaloa Ziluaga (“Volver”, “Cuando dejes de quererme”), arte zuzendaria; Alazne Ameztoy (“Maixabel” eta “La trinchera infinita”) arduratzen da soinuaz; Nerea Torrijos (“20.000 especies de abejas”, “Irati” eta “Akelarre”) da jantziteria zuzendaria; Lola Lopez eta Itziar Arrieta (“El orfanato”), makillaje eta ile-apainketa buruak.

Lantaldearekin jarraituz, Laurent Dufreche (“La trinchera infinita” eta “Handia”) da muntatzailea; Aitor Etxebarria (“El cuerpo en llamas” eta “Intimidad”), musika konpositorea; Felix Berges (“La sociedad de la nieve”, “Un monstruo viene a verme” eta “Dantza”) da VFX burua, eta Jon Serrano (“Handia”, “Akelarre”, “20.000 especies de abejas” eta “Irati”), efektu berezien arduraduna; Maria Rodrigo (“Nina”, “Cristóbal Balenciaga”) da casting zuzendaria eta Michel Gaztambide izan da gidoi arloko aholkularia.