Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ESKUBALOIA

Hasierako eta bukaerako txinpartekin, finalerdietarako sailkatu da Bera Bera

Partidako lehen hamar minutuetan eskuratutako abantailarekin jokatzen jakin zuten donostiarrek (10-3) eta azken txanpan biribildu zuten garaipena. Esther Arrojeria eta Emma Boada -batak 7 eta besteak 6 gol eginda- izan ziren taldearen patroiak.

Maitane Etxeberriak maila txukuna erakutsi zuen, hiru gol eginda.
Maitane Etxeberriak maila txukuna erakutsi zuen, hiru gol eginda. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Valladoliden zazpi goleko errenta eskuratu ostean, Bera Berak ongi bideratua zeukan final-laurdenetako kanporaketa. Hala ere, Lyndie Tchaptchet jokalariak esan legez, «erdia daukagu eginda, beste erdia falta zaigu». Bada, lelo hori beren eginda, donostiarrek lehen kolpetik hartu nahi izan zuten aginte makila, espekulatzeko astirik eman gabe, aurkaria deseroso utzita.

Horren erakusgarri argiena Mariane Fernandesen golak izan ziren. Brasildarrak boladaka jokatzen du, eta, bere lehen jaurtiketak atea ikusiz gero, garaiezina izan ohi da. Bere gol bati esker estreinatu zuen markagailua etxeko taldeak eta defentsan sendo arituta, azkar eta hutsuneak tapatuz, Aula Valladoliden bertutea ahuldu zuten; alegia, Maria O’Mullonyren jaurtiketa zitalak. Bere lehen lau jaurtiketetatik bakarra asmatu zuen Zamorakoak eta hori zinez albiste ona zen Bera Berarentzat. Lan on horri esker, 8-3ko markagailua ezarri zuen Imanol Alvarezen taldeak, Esther Arrojeriaren eskarmentu eta Emma Boadaren fintasunarekin. Lehen txanpa horretan nabarmendu ziren bi jokalariok, bai eta bukaera aldera ere, berriro ere donostiarrek martxa bat gehiago jarri eta edozein ezusteko alboratu zutenean.

ALDEA ONDO KUDEATZEN

Lehendabiziko hamar minutuetan ezarritako bost goleko alde hori, apurka-apurka, minutuek aurrera egin ahala, apaltzen joan zen; Aula Valladolidek ere hasierako planteamendua aldatzen jakin zuelako eta Bera Berari geldikako erasoa kontrako eztarritik pasatzen ari zitzaiolako. Boada atseden faltan zegoen eta Fernandes ere jaurtiketak huts egiten hasi zen. Hala, lehen zatiko azken hogei minutuetan, 3-8ko partziala ezarri zuen Gaztela-Leongo taldeak, atsedenaldirako aldeak bi golera murrizteko.

Aldageletatik bueltan, kolpeak trukatu zituzten bi taldeek eta bi goleko alde hori apenas aldatu zen. Aldatu bazen, bisitariak are gehiago hurbildu zirelako izan zen, esaterako 18-17koan (39. minutuan) edota 24-23koan (54. minutuan). Gauzak konplikatu orduko, baina, lehendabizi Boada eta azken txanpan Arrojeria agertu ziren, taldeari arnasa eman eta garaipena hobeto dastatzeko.

Balizko berdinketa bat ere donostiarrentzat fabore zen, baina Imanol Alvarezen taldeak nahiago izan zuen finalerdietarako txartela merezimendu osoz irabazi. Valladoliden, joan den astean, zein Gascan, atzo, Bera Bera nagusi izan zen eta, beraz, konfiantza osoz aurre egingo die finalerdiei. Malaga, iazko liga txapelduna, izango dute aurrean. Gainera, lehen partida etxean jokatuko da eta Andaluzian erabakiko da kanporaketa zinez zirraragarri hau. Final handia dago jokoan.