Andoni ARABAOLAZA
MENDIA

Hamalau zortzimilako ofizial daude, eta kito

UIAAk erantzun du 14 zortzimilako ofizial daudela.
UIAAk erantzun du 14 zortzimilako ofizial daudela. (C. O'DOWD)

Hamalau zortzimilakoen zerrenda ofizialaren inguruan nolabaiteko eztabaida izan da azken urteetan. Kopuru horretan utzi edo beste sei gehitzea, hori izan da hainbat eragilek proposatu eta aztertu dutena. Sei mendi horiek 8.000 metrotik gorako gailurrak dira. Baina, era berean, ez dira tontor nagusiak. Horietako lau Kangchenjungako mendigunean daude: Yalung Kang eta Hegoaldeko, Mendebaldeko eta Erdiko Kangchenjunga. Beste biak, berriz, Lhotsen kokatuta daude: Erdiko Lhotse eta Lhotse Shar.

Bada, sei mendi horiek aipatutako zerrenda ofizialean sartzea eskatu dute Nepalgo Mendizale Elkarteak eta Katmanduko Administrazioak. Hots, bi erakunde horientzat egokiena izango litzateke hogei zortzimilako ofizial onartzea. Eragileok diote mapa guztiak aztertu dituztela, eta ohartu direla irtengune kontu bat besterik ez dela. Horrekin esan nahi dute nagusiak ez diren sei gailur horiek independenteak direla. Azterketa topografiko sakonak egin dituzte, baina nazioarteko adituen esanetan badirudi eskaera horren atzean beste arrazoi batzuk daudela. Horietako bat eta indar handiena duena zortzimilakoen industria edo turismoa da.

EZEZKOA

Alpeetako laumilakoen inguruan, 1994. urtean, antzeko egoera bat bizi izan zen. Alpinismoko Nazioarteko Federazioak (UIAA) bere iritzia eman zuen, eta orain nepaldarrek eginiko proposamenari ere erantzun dio. Argi eta garbi du hamalau zortzimilako ofizial daudela: «Mahai gainean irizpide zientifikoak eta arrazionalak jartzen saiatu gara. Horretarako, Nazioarteko Elkarte Geografikoarekin (UGI) harremanetan jarri gara, baita erakunde horrek duen ikerketa batzordearekin ere. Galdetu diegu ‘mendia’ edo ‘gailur’ kontzeptuak definizio bakarra ote duen. Erabateko adostasuna ez da egon, betiere arlo topografikoari dagokionez. Adituen azalpen guztiak kontuan hartu ondoren, UIAA munduko mendizaleen komunitatearentzat interes egokiak babesten saiatu da».

Alpinismoko erakunde horrek aipatu du eztabaidaren hainbat arlo kontuan hartu dituela: topografia, historia, nepaldarren interesak eta alderdi espiritualak. Azken bi horiei dagokienez, adibide argiena Kangchenjungako mendigunea da. Baina UIAAk azaldu du aipatutako gailur horiek bananduta daudela. Eta gehitu du antzeko egoera dela Lhotseko kasua.