GARA
ETXABARRI-IBIÑA

Gure Zirkuak zazpigarren denboraldiari ekingo dio Araban

Bueltan da Gure Zirkua. Zazpigarren aldiz irekiko ditu ateak Euskal Herriko zirku ibiltariaren karpak. Arabarekin sentitzen duen zorra kitatzera dator lehenbiziko egonaldia. Horren ondoren, Arrigorriagan izango da tarte batez. Hainbat txoko etorriko dira gero.

Makina bat saio eskaini ditu Gure Zirkuak azken urteotan.
Makina bat saio eskaini ditu Gure Zirkuak azken urteotan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Gure Zirkuak ostiral honetan ekingo dio denboraldi berriari. Zazpigarrena. «Gorbeia merkataritza gunean (Etxabarri-Ibiñan) izango da, Arabarekiko sentitzen duen zorra kitatzeko. Bigarren geldialdia Bizkaian, Arrigorriagan egingo dugu», horixe da atzo hedabideei adierazitako iragarpena.

«Gipuzkoan, Bizkaian eta Zuberoan abiatu izan ditu Gure Zirkuak orain arteko birak. Nafarroa, berriz, urtero zapaldu izan du taldeak, eta hainbat asteburuz azken urteetan», gogoratu zuten arduradunek.

Aldiz, 2018an errepideetara atera zenetik, bi egonaldi besterik ez ditu egin euskal zirku ibiltariak Araban (Gasteizen 2019an, Amurrion 2022an). «Hala, taldeak sentitzen zuen lurraldearekiko nolabaiteko zorra kitatzeko beharra», aipatu zuten.

Bira honetan gauzatu nahiko luke Gure Zirkuak sorreran Euskal Herriko zazpi lurraldeetara iristeko bere buruari jarri zion helburua. «Gure Zirkuak sorreratik izan du bere karpa ahalik eta lurralde, eskualde eta herri gehienetara eramateko helburua; baita zirkurik sekula ikusi gabeko herrixketara ere. Ahalegin horretan, taldeak urrun edota iristeko zail ziruditen hainbat eremutara iristeko erronka bete du», esan zuten. Bere jaioterrian, Amezketan, gauzatu zuen Iker Galartza aktoreak egun bateko ametsa.

«Amets horrek zirku forma du eta barruan gordetzen ditu alanbrea, trapezioa, malabarak, magia... Zirku handien erritmoa eta txikien hurbiltasuna eta goxotasuna eskaini nahi ditu», eman zuen irekieraren berria GAUR8 gehigarriak 2018ko ekainaren 30ean.

«Egunen batean... halako zerbait posible balitz... Baina oso zaila izango da», zen Galartzaren burutazioa. Gauza berriak bizitzearen ilusioari heldu eta ametsa egia bihurtu zuen. Makina bat saio eskaini dituzte ordutik Euskal Herrian barrena. Alanbrea, malabarak, eskuz eskuko akrobaziak, trapezioa, magia, pailazoak eta zuzeneko musika... etxeko txikienak zein helduak esperientziara lotuz. Ikusleak ahoa bete hortz utziz.

Denboraldi honetako lehen bi geldialdien berri eman dute. Tantaka joango dira, ohikoa duten lez, hurrengo geltokiak ezagutarazten, ikusleak batetik bestera mugitzeko intentzioz.

Euskal Herriko zirku artis- tentzat erakustoki bilakatu da Gure Zirkua, hainbat kasutan gure mugetatik kanpo lanean zebiltzan profesional apartei etxean aritzeko aukera emanez. Etxabarri-Ibiñan ostiral honetan ikusleei ateak irekiko dizkie karpak. Maiatzaren 10ean, ostiralean, 19.00etan; maiatzaren 11n, larunbatean, 16.30ean eta 19.00etan; maiatzaren 12an, igandean, 17.00etan; maiatzaren 17an, ostiralean, 19.00etan; maiatzaren 18an, larunbatean, 16.30ean eta 19.00etan; maiatzaren 19an, igandean, 17.00etan; maiatzaren 24an, ostiralean, 19.00etan eta maiatzaren 25ean, larunbatean, 16.30ean eta 19.00etan dira hitzorduak.

Gure Zirkuak Arrigorriagara salto egingo du ondoren. Maiatzaren 31n, ostiralean, 19.0etan; ekainaren 1ean, larunbatean, 16.30ean eta 19.00etan; ekainaren 2an, igandean, 12.00etan eta 17.00etan; hilaren 7an, ostiralean, 19.00etan eta hilaren 8an, larunbatean, 16.30ean eta 19.00etan dira emanaldiak.