GARA
ADUNA

AEK-Korrikak jasoko du 2024ko Ibilbideari Elkar saria

AEK erakundea eta Korrika ekimena sarituko ditu Ibilbideari Elkar sariak. Elkar Fundazioak balioa emango dio AEK-k «Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko» egiten duen ahaleginari. Saria maiatzaren 23an jasoko dute, Elkarren Adunako egoitzan.

Korrika maiatzaren 24an iritsi zen Baionara.
Korrika maiatzaren 24an iritsi zen Baionara. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Elkar Fundazioak AEK erakundeari eta Korrika ekimenari emango dio 2024ko Ibilbideari Elkar saria, euskararen normalizazioari begira egiten duten lanarengatik, ohar bidez atzo adierazi zutenez. Fundazioak gogora ekarri zuen frankismoko garai beltzenean abiatu zela euskaraz ikastearen aldeko mugimendua, Euskal Herriko puntu desberdinetan ikastolak eta gau eskolak sortuz, eta horiek egituratu eta koordinatzeko eratu zela AEK, 70eko hamarkadan.

«Urte luzetan instituzioen behar bezalakoa ezagutzarik gabe aritu behar izan zuen 80 eta 90eko hamarkadan, eta horrek baliabide falta eta baldintza ezegokiak eragin zizkien. Lan baldintza egokien gabeziari militantziaz, ilusioz eta profesionaltasun ahalik handienarekin erantzun zien AEKk, bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe», nabarmendu zuten.

Erakundearen helburua «Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea» izan dela eta horretarako euskararen normalizaziorako arlo guztietan (ezagutzan, erabileran eta sustapenean) lan egin duela adierazi zuen Elkar Fundazioak, baita ahalegin horren emaitza milaka pertsonaren euskalduntzea edota euskarara hurbiltzea izan dela ere, tartean 1980tik antolatzen duen Korrikaren eskutik. «Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere», azaldu zuen.

Gogora ekarri zuten bi urtetik behin milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen dituela Korrikak, «euskararentzat itxaropena sortuz eta gizartean mezu argia zabalduz: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da. Martxoan egin berri den Korrikaren edizioak argi erakutsi digu hori, harro dagoen herria kalera atera da Euskal Herria euskararen herria dela eta izatea nahi dugula esateko», ohartarazi zuen.

IRUDIAREN INDARRA

Fundazioaren iritziz, Korrikak euskal lurraldean uzten duen irudia «indar handikoa» da, askotariko jendea batzen baitu korrika egin eta lekukoa eskuz esku pasatzeko, eta irudi horren bidez normalizazioak «denon beharra» duela agerian uzten du, hau da, «elkarrengandik hartu eta elkarri emanez» lortuko dela Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz bizitzea.

«Hori da AEKren lanak urteotan erakutsi duena, euskararen normalizazioa ezin baita sinplifikatu eta mugatu haurren eremura. Azken Korrikako mezuan Garazi Arrulak adierazi bezala, euskarak ekosistema osoa behar du eta hori lortze aldera lan egiten du egunero AEKk», ziurtatu zuten.

Hala, ohar egin zutenez, AEKk eta Korrikak egiten duten lana goraipatu eta aldi berean «bide beretik jarraitzeko» akuilu izan nahi du 2024ko Ibilbideari Elkar sariak.

Elkar Sariak maiatzaren 23an banatuko dira, 18.00etan, Elkarren Adunako egoitzan. AEK-Korrikaz gainera, ekitaldi berean Joseba Jaka Beka jasoko du Josu Goikoetxeak.