Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Arnasgune akademikoak izango diren hogei ikastaro antolatu ditu UEUk

Azken urteetako hariari jarraituz, UEUren Udako Ikastaroak «euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko» gune bihurtuko dira aurten. Hogei jardunaldi antolatu dituzte hirietan eta herrietan, ekainaren 6tik uztailaren 10era bitarte.

Irati Iciar eta Aitor Bengoetxea, atzo, Iruñean.
Irati Iciar eta Aitor Bengoetxea, atzo, Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

UEUren Udako Ikastaroak aurkeztu zituzten atzo Iruñeko Katakrak liburu dendan. Joan den urteko bideari jarraiki, aurten ere formatua aldatu eta «gogoeta eta hausnarketa gune» bihurtzeko asmoa dutela adierazi zuten. Orotara hogei jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte Iruñea, Baiona, Eibar, Usurbil, Bilbo, Donostia eta Tolosan, ekainaren 6tik uztailaren 10era bitarte.

Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagunea izango da datorren udako UEUren eskaintza, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariaren arabera. «Hori baita UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gaientzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea», esan zuen.

52. Udako Ikastaroen edizioa aurkeztu dute aurten, eta, zentzu horretan, Bengoetxeak nabarmendu zuen bost hamarkadetan ez dutela hutsik egin udako hitzordura. «Hasieran hitzaldi irekiak ziren, gero jakintza alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, eta laburragoak eta adituei begirakoak azken urteetan. Duela bi urte ospatu genuen 50. urteurrenaren hariari jarraikiz, hausnarketa gune dira orain», azaldu zuen zuzendariak.

Egun Udako Ikastaroak «konpartitzeko guneak» direla nabarmendu zuen eta UEUren «izaera herritarra» azpimarratu, «parte hartzea sustatzeko» xedearekin. Hala, jende albait gehienak parte har dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek.

Dena den, udakoen ezaugarriak bere horretan mantenduko direla adierazi zuen UEUren Udako Ikastaroen arduradun Irati Iciarrek. «Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa izango da, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua», aipatu zuen.

Udako Ikastaroak «arnasgune akademiko» eta «euskaldunen topagunetzat» jo zituen Iciarrek, eta jardunaldi eta mota ezberdinak egingo direla azaldu zuen. «Ohiko hitzaldiez gain, mahai inguruak, tailerrak eta ikerketak antolatu ditugu», gaineratu zuen.

Hasiera ekitaldia Iruñean egingo dute ekainaren 6an, Kondestable jauregian, UEUrentzat estrategikoa den gai bat lantzeko: “Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoera eta aukerak”.

NAFAR GOBERNUA

Bestalde, Edurne Koch Elizegi UEUren Nafarroako arduradunak nafar Gobernuarekin elkarlanean antolatutako ikastaroak aurkeztu zituen: «Hamahiru ikastaro eskainiko ditugu urte osoan. Edonork egin ditzake, baina unibertsitatean ikasten dabiltzan ikasle nafarrek izango dute lehentasuna».

Udaberri honetan lau ikastaro abiatu dituzte, eta Udako ikastaroen barnean hiru ikastaro antolatu dituzte.