Jon ORMAZABAL
PILOTA

Dario: «Espero dezagun Jokinek egun txar bakarra gastatu ez izana»

Amezketarrak erabat ahaztuta omen du Lasoren aurkako porrota -«disgustuek ez didate askorik irauten eta pozek ere ez»- eta aitzakiarik gabe helduko da igandeko hil ala biziko partidara. Bi pilotariek garrantzi handia eman diote sakeari eta errestoari.

Buruz Burukoan elkarren aurka jokatutako bi partidak amezketarraren alde erori dira.
Buruz Burukoan elkarren aurka jokatutako bi partidak amezketarraren alde erori dira. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sarerik eta matematika ariketa zailik egin behar izan gabe jokatuko dute igande honetan Astelenan Jokin Altunak eta Dario Gomezek; 22ra heltzen denak Artolaren aurka jokatuko du, hilaren 19an, Buruz Buruko finalerdia, eta galtzaileak agur esan beharko dio txapelketari. Hori bai, errioxarrak ondo adierazi duenez, «horrelako partidak jokatzeko entrenatzen gara egunero eta nahiago nuke ia astero halako partidak jokatu beharko banitu».

Kinta berekoak izanda, ume-umetatik ordu asko partekatu dituzte biek, bai kantxa barruan, bai frontoietatik kanpo, eta lagun handiak dira. Igandean, ordea, ez diote inolako errukirik agertuko. Txapelketa hasieran bataren eta bestearen espektatibak horren desberdinak izanda, pentsa liteke amezketarrak galtzeko gehiago duela errioxarrak baino, baina Ezkaraikoa ez dator bat uste horrekin. «Biok dugu galtzeko eta irabazteko gauza bera, finalerdietan sartzea. Argi dago bera dela apustu guztietan finalerako eta txapelerako hautagai nagusia, baina biok partida bakarrera dugu helburua, biok dugu galtzeko gauza bera».

Hasiera arras desberdina izan zuten biek txapelketan eta Jokin Altunak kolpe handi samarra hartu zuen Lasoren aurka Bilbon, baina aitzakiarik gabe heltzen omen da igandeko partidara. «Badut esperientzia eta disgustuek ez didate gehiegi irauten, baina pozek ere ez. Denbora asko daramat honetan eta gogo biziz hartzen dut, burua egunerokoan dudala, ondo entrenatzen eta ondo heltzen naiz, aitzakiarik gabe eta aurrean partida gogorra izango dudala jakinda.

Dariok ere ez dio aparteko garrantzirik ematen Altunak lehen partidan emandako maila kaskarrari. «Jokin beti egoten da ondo. Gainera, txapelketaren bat justu antzean hasten duenean, gero gorantz egin ohi du. Lasoren aurkakoa? Ba denok gara pertsonak eta egun txarrak izaten ditugu. Kontua da honek besteok baino egun txar gutxiago izaten dituela. Espero dezagun txapelketako egun txar bakarra gastatu ez izana», azaldu zuen, umorez.

SAKEAREN GARRANTZIA

Biek izan dituzte euren gorabeherak txapelketan zehar eta, Jokin Altunak, esaterako, berebiziko garrantzia eman dio sakean asmatzeari. «Nik uste aurreko bi partidetan baino hobeto sakatzerik badudala, eta gero argi ibili beharra daukat aurrera joaten naizenean eta nire burua ez saltzen», azaldu zuen. «Errestoan ondo aritzea ere garrantzitsua izango da, baina badakit sakea berak duenean sufritzea tokatuko zaidala. Banaka ikusten ari gara partida guztietan atzean dagoena sufritzen ari dela eta sakea dudanean mina egiten saiatu beharko dut», gaineratu zuen gipuzkoarrak.

Errestoa da Dario Gomezen kezka iturrietako bat ere. «Azken egunetan sakeak erantzutea kostatu zait eta Eibarkoa, gainera, errestorako pilotaleku zaila da, ezker pareta irregular samarra dauka eta batzuetan arraro irteten da pilota. Oso adi egon beharko dut eta nik ere pilota ezkerparetan sartu beharko dut mina egiteko eta gero eskuinarekin ere altuera bilatu beharko dut frontisetik urrun izateko».

Lasoren aurka ere behar baino presa handiagoarekin aritu zela uste du Dariok. «Ez dut presarik izan behar; azken egunean, bigarren partean, agian presaka aritu nintzen eta hortik heldu ziren partidan sartzen utzi ez zidaten akats batzuk, Unaik jokatu zuenaz harago, noski. Igandean ezin dut presaka aritu, denbora bat jotzen eman behar badut, eman egingo dut, ez dut tantoa amaitzeko presarik izan behar, baina eskuinez ondo aritu behar naiz».

Altunak ere ez dio beldurrik partida luze bati, baina argi du Dariok ere tantoa amaitzen asmatu beharko duela finalerdietan egon nahi badu. «Berak partida mota hori planteatu nahiko du, baina badakit ondo sakatzen duenean pilota kentzen ez badiot, airearen bila joango dela. Berak badaki gauza bat dela partidak erritmoa izatea, baina ongi daki ere tantoak amaitu beharko dituela. Ondo joan zaionean horregatik izan da, dominatu duelako eta tantoak ere ondo amaitu dituelako. Badakit ez dela tanto guztietan hamar pilotakada segidan atzera jotzera joango», azaldu zuen.

Buruz Burukoan bi aldiz jokatu dute elkarren aurka eta bietan lanak eman badizkio ere, garaipena amezketarrarentzat izan da: duela bi urte, Bilbon, final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan 22-19, eta 2020ko finalerdietan, Astelenan bertan, 22-15. Erronka argia da Dariorentzat.