Iraitz MATEO

Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa martxan Usurbilen

Atzo egin zuten Usurbilen Txirikorda etxebizitza komunitarioaren inaugurazio ofiziala. Belaunaldiarteko etxebizitzak dira, apirilean hasi ziren bizilagunak bertan bizitzen, eta atzo zabaldu zizkieten ateak herritarrei. 12 gazte eta lau adineko bizi dira gaur-gaurkoz, eta komunitatea sortzeko «enpatia» asko landu dutela adierazi dute.

Usurbilen dago Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa, eta atzo ireki zituen ateak herritar guztiek ikus zezaten.
Usurbilen dago Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa, eta atzo ireki zituen ateak herritar guztiek ikus zezaten. (Jon URBE | FOKU)

Laborategia», horrelaxe definitzen du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak Txirikorda, belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioa. Hamasei bizilagunekin abiatu da proiektua, 18 eta 30 urte arteko 12 gazterekin eta 65 urtetik gorako lau heldurekin. Olatz Askorreta, Leire Arregi eta Ofelia Moraima Rodriguez bertako bizilagunak dira, joan den ekainetik ari dira elkar ezagutzeko prozesuan parte hartzen, baina gehien elkartzen dituena etxetik irten eta elkarri «kaixo, zer moduz?» esatea dela uste dute.

Ugartondo auzogune berrian kokatzen da eraikin zuria eta orotara 16 etxebizitzak osatzen dute. Horietako lauk bi logela dituzte, eta beste hamabik logela bakarra dute; etxe bakoitzean sukaldea eta komuna jarri ditu udalak; gela eta egongela hornitzea bizilagun bakoitzaren esku geratzen da. Atari eta terraza partekatuak dituzte, eremu komunitarioei garrantzia ematen baitiete. Espazio komunitarioak Txirikordako bizilagun guztienak dira: sukalde-jangela, egongela, terraza eta arropa garbitzeko espazioa. Horrez gain, auzotarrek eta herritarrek erabili ahal izango duten erabilera anitzeko gela bat ere badago.

2019an hasi zuten Txirikorda sortzeko prozesua, baina orain ari dira bizitzak txirikordatzen. Hori sumatzen da etxe atarietan, behintzat: bizilagun batek letxugak landatu ditu loreontzietan, beste batzuen zapatak ikus daitezke atarian, beste batek ikurrina eta Palestinako bandera eskegi ditu, eta badago «lanpas dixlexikoa» jarri duenik ere.

BI KOMUNITATEREN BEHARRAK

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak azaltzen du bi behar identifikatu zituztela, eta elkar osagarri izan zitezen sortu zela Txirikorda. Batetik, gazteak emantzipatzeko nahia baina zailtasuna identifikatu zuten, eta bestetik, heldu askok bizitzeko toki egokien falta zutela, eta zenbait kasutan bakardadeari aurre egiteko nahia ere bazegoela jaso zuten. Bi horiek txirikordatzea izan da helburua, eta «bizikidetza aberasgarri» baterako bidea eraiki eta baliabideak jartzea. Prozesuaren lehen zatian, elkar ezagutzea landu zuten batik bat, Askorretak azaltzen duenez: «Gazteon artean gehiago ezagutzen ginen, adin bertsukoak garelako, baina helduak eta gu ez ginen horrenbeste ezagutzen». Komunitatea lantzea eta eraikitzea izan dute, beraz, lehen etxeko lana, eta horretan Zabalduz kooperatiba izan dute bidelagun. Orain heldu zaie «benetako urratsa», ordea, teoria praktikara eramatea.

«Uste dut hau ez dela edozeinentzat. Emantzipatzeko aukera izugarria da, baina jakitun izan behar dugu honen oinarrian proiektu komunitario bat dagoela, eta ezin dugu hori alboratu», kontatu du Askorretak. Eta guztiek «enpatia» ariketa handi bat egin dutela aitortu du: «Gazte gehiago gara kopuruz, saltsa askotan gaude sartuta eta ideia asko ditugu; adinekoek jarri behar izan digute frenoa».

Rodriguez ilusionatuta dago proiektuarekin; «Txirikorda intergenerazionala izateaz gain, internazionala ere bada, ni kubatarra naiz», kontatu du pozarren. Barne funtzionamenduari garrantzia ematen dio: «Gure arau propioak ditugu. Udalari ere helarazi dizkiogu horiek. Bakoitzak gure eskubide eta betebeharrak ditugu». Etxearen garbiketa, adibidez, txandaka egiten dute eta sukalde-egongelako arbelan dute apuntatuta. Ur eta argindar gastuak ere komunitarioak izango direla azaldu du: «Horrek gutako bakoitza behartuko du lehengaiak neurri gabe ez kontsumitzera».

FUNTZIONAMENDU ARAUTUA

Bi astetik behin edota astero egiten dituzte asanbladak, eta hilabetero, sortzen diren beharren arabera moldatzen dituzte lantaldeak. Hilabetean «zortzi ordu komunitario» egin behar dituztela kontatu du Arregik, oraindik zehaztu ez dituzten arren. Solaberrieta ez da gehiegi arduratzen horretaz momentuz, bizilagun guztiak baitabiltza «saltsaren batean herrian», baina garrantzitsua iruditzen zaio lan komunitarioaren aldea: «Herriak eman dizun aukera herriari itzultzeko modu bat da».

Adinekoentzako hiru etxebizitza hutsik geratu dira, izen ematea ez delako gazteena bezain zabala izan, baina oreka bat bilatu nahi dutenez, berriro ere adinekoentzako hiru etxebizitza horietarako izena emateko epea zabalduko dute. Horrez gain, Txirikordatik gertu dagoen Egurtzegi zaintzadun egoitzarekin harremana dute, adinekoek beharra dutenean horra lekualdatzeko. Txirikorda Usurbilgo «zaintza ekosistemaren parte» izatea nahi du udalak: «Txirikorda komunitatean elkar zaintzeko aukera ematen digun proiektua da, zaintzak ikuspegi prebentibotik lantzen dituena».