Emma GRANDJEAN
BAIONA

Zuberotarren herenek beren herrialdetik kanpo kontsumitzen dute

Baiona-Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganberak egin berri duen kontsumo-ohituren diagnostikoak Zuberoan ezarri du ikusmira. Herrialdeko kontsumoaren %35 lurraldetik kanpo gauzatzen da. Ohartarazi dutenez, «sareko merkataritza mailan, gainerako lurraldeetako batez bestekotik %12 gorago» daude, «gainerakoetan %8 eta %9 artean baitira».

Herritarrak, Mauleko taberna bateko terrazan.
Herritarrak, Mauleko taberna bateko terrazan. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Hirigune Elkargoaren eskaerari jarraiki, Baiona-Euskal Herria Merkataritza eta Industria Ganberak merkataritza dinamikei eta kontsumo usaiei buruzko ikerketa eraman du. “Biharko herri ttipi” gisa sailkatuak izan diren bost herrien diagnostikoa egin du; tartean, Mauleko lurralde gunearena. Ondorioztatu duenez eta Kazeta.eus agerkariak jaso duenez, Zuberoako biztanleen gastuen herena baino gehiago ez da lurraldean gertatzen.

Baieztapena, hain zuzen, saltegien kopurua egonkortzen ari den momentu batean heldu da. Azken hau «berri ona» da, barnealdeko Merkataritza Bulegoko Ipar Euskal Herriko zuzendari Claire Oraberen arabera. Zuberoak biztanleria mailan beherakada ttipi bat bizi badu ere (-%1,1 bost urteko epean), «merkataritza egitura mantentzen da eta dibertsifikatzen segitzen du; lasaigarria da», azaldu du.

SAREKO MERKATARITZA

Erosketen %65 baizik ez da Zuberoako saltegietan gertatzen. Beste herena, gehienbat, internet bidez egiten da. «Sareko merkataritzan, gainerako lurraldeetako batez bestekotik %12 gorago gara, gainerakoetan %8 eta 9 artean baitira», erran du Orabek. Murrizten zaila den ehunekoa, «erakundeek, laguntza zentroek edo Merkataritza Bulegoak merkatariak sarera egokitzen lagundu behar» dituztela erakusten duena.

Tokiko merkataritzaren prezioei buruzko topikoak deseraikitzea, irekitze ordutegiak egokitzea, enpresaburuak internet bidezko garapenerako prestatzea... merkataritza-laguntza egiturak bai establezimenduak, bai bezeroak sentsibilizatzeko lana egiten entseatzen ari dira.

«Gure saltegi ttipietan egunero borrokatzen gara animazioak egiteko eta Xiberoan denetarik atzematen ahal dela erakusteko. Zentzu horretan, ikerketa honek lasaitzen gaitu. Oraindik zaila dena da jendeari saltegi batera sartu eta ezer erosi gabe atera daitekeela erakustea. Merkataritza-gune handietan anitzez errazkiago ausartzen dira», azaldu du Peio Queheille Zuberoako Merkataritza eta Artisautza Batasuneko lehendakariak.

BIARNORANTZ

Zuberoako biztanleek, kostaldetik eta Paueko prefeturatik kasik distantzia berera kokaturik, kontsumoaren gainerakoa merkataritza-gune handietan egiten dute, departamenduko erakargarritasun handienetakoa duten guneetan kokatuak direnak. Biarnorekiko erakargarritasun esanguratsua erakusten du, Zuberoako Pettarra eskualdeko herritarrek beren gastuen %13 baino gehiago lur bearnesetan egiten baitute.

Ikerketaren mugei begira, «kanpora zergatik eta zertarako joaten diren» galdera du Orabek. Bizitegi sektore bakoitzeko 30 bat etxetan pausatu dituzte galderak, altzari, tabako edota kirol ekipamenduen azken erosketaren tokiaren inguruan, 36 produktuko taula bat osatzeko.