Jon GARMENDIA
Idazlea

Magnon

Cro-Magnon gizakiak zein hizkuntzan hitz egiten zion bere buruari, zein hizkuntzan pentsatzen zuen, hori galdetu didazu. Eta ufa. Galdera interesgarria iruditzearekin batera, horri, munduan nehork erantzun diezaiokeen zalantza etorri zait. Ez nik, behintzat. Homo sapiens sapiens, lehen gizaki modernoa, azken hau biziki maite dudan izendapena da Cro-Magnonari buruz mintzatzeko; gu baino masailezur motzagoa, hortz handiagoak eta begi-zulo errektangularragoa zutela badakit, hortik aurrera gutxi. “Arrazoia ez dago edukitzerik” liburuan esaldi eder bat irakurri niola Iñakiri, hori bai badakidala, «Homo sapiens: bere buruari arrazoia ematen dakiena. Homo sapiens sapiens: bere buruari arrazoia ematen eta besteri kentzen dakiena». Uste dut serie bat irekiko dudala, haren burutazioei argi gehiago ematearren, tira, hedapena emateko, argia bera baitzen. Harpe zulo-handi erran nahi du Cro-Magnon hitzak okzitanieraz; Dordoinan, trenbide bat eraikitzen ari zirela aurkitu zituzten bost eskeleto harpe batean, gerora ezaguna egin da izen horrekin. Gaur egungo gizakiarekin alderatuta zenbat desberdintasun zeuzkan gustura jakingo nukeela pentsatu dut zure galdera entzun ondoren, egungo gizakiak, gutaz desberdinak diren herrialdeetan zein hizkuntzan pentsatzen duen, edo, sinpleki, pentsatzen ote duen.