Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Murgilgo malda, zaleen topalekua eta etapako toki erabakigarria

Itzuliko azken etapa Murgilen erabaki zen, hor Volleringek atzean utzi baitzituen aurkari guztiak. Giro lainotsua izan arren, jende ugari bildu zen Murgilgo igoeran. Tartean, Ostolazaren kuadrillakoak eta Otxe taldeko hiru neska gazteak, zeinak Gipuzkoako Txapelketa taldeka irabazi duten.

Txirrindulariak, Donostiako helmugara iristen, lasterketako azken esprinta egiten.
Txirrindulariak, Donostiako helmugara iristen, lasterketako azken esprinta egiten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Eguerdiko 12.00ak aldera Igeldoko Murgilgo saihesbidetik behera ez zegoen jende askorik, zale bakarren bat edo beste bazegoen txirrindulariei igotzen ikusteko toki egokiena begiratzen, besteren bat ere bizikletan igotzen edo oinez. 12.45ean iritsi behar zuen tropelak Murgilera, Portuetxe kaletik gorako errepide estu bezain maldatsura. Murgilgo aldaparen amaieran, Mendizorrotzera joateko ihesbidetik 200 metro behera, Otxe Oarsoaldeako txirrindularitza eskolako hiru neska zeuden, gurasoekin batera. Itzuliko azken etapako Gurutze mendatetik jarraian etorriak, bigarren aldiz txirrindulariak hauspotzeko asmoz. Elgoibarkoek ez bezala, hauek Ane Santesteban ezagutzen dute. Atzo haien txanda izan zen: Zumaian korritu zuten Gipuzkoako Txapelketa, eta taldeka gailendu ziren. Horregatik, Itzuliko azken etapako podiumean egon ziren. Sari polita, goi mailako txirrindulariak ezagutzeko.

Otxe Oarsoaldeko txirrindularitza eskolako neskak ez ziren Murgilera hurbiltzen bakarrak izan. Oriako Txirrindulari eskolako haurrak ikusi genituen, baita Danena Txirrindulari taldekoak ere. Laboral Kutxako maillota zeraman hamasei urteko gazte bat ere bazegoen.

OSTOLAZAREN IRRIBARRE KONPLIZEA

Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindulariaren kuadrillakoak ere ez zuten Itzulia galdu nahi izan, eta bertan zeuden Donostiako etapan, Murgilgo aldapa gogorrenean, haien laguna animatzeko prest.

Txirrindulariak iristeko hamar minutu eskas falta zirenean, Murgilgo azken 200 metroetako errepide bazterra betetzen hasi zen, ezker zein eskuin. Gehienbat familiak zeuden, gurasoak haien haurrekin, baina baita jende gaztea ere, bizikletan etorrita, Euskal Herriko Itzulia bertatik bertara ikusteko aukera aprobetxatu dutenak.

Lehena pasatzen Demi Vollering izan zen; herbeheretarrak hortzak estutu zituen, pedalei arin eragiten zien bitartean. Zertxobait atzerago, Juliette Labous, eta Amanda Spratt zetozen, herbeheretarraren erritmoari jarraitu ezinik, eta sufrimendu aurpegiekin. Zaleen txalo eta animoen artean igarotzen joan ziren gainerako txirrindulariak.

Ane Santesteban iritsi zenean, «Aupa Ane!» behin baino gehiagotan oihukatu zuten zaleek. Nekatuta ikusten zitzaion Errenteriako ziklistari, baina gero ondo amaitu zuen lasterketa, hamabosgarren postuan helmugaratuta. Santesteban baino zertxobait atzerago heldu zen Usoa Ostolaza. Bizikleta alde batetik bestera zeraman, ezker-eskuin, Murgilgo azken malda gogorra leundu nahian. Ezinean zebilen, haren kuadrillakoak ikusi zituen arte. Ezpainetan irribarre konplizea marraztu zuen, lagunen txalo eta animoen artean.

VAN ANDROOIJ IKUSTEKO «PLAZERA»

Gainerako txirrindulariak pasatzen ari zirela, gizon batek Nadia Quagliotto Laboral Kutxako txirrindularia hauspotu zuen, baita Shirin van Anrooij ere. Azken hori ziklo-krosean aritzen da, eta gizonak ezagutzen zuen, ziklo-krosa asko jarraitzen duelako. «Plazer bat da Van Anrooij bezalako txirrindulari bat ikustea», adierazi zuen NAIZ Irratian. Itzuliko hitzordu garrantzitsua ez zuen galdu, «maila handiko lasterketa bat delako, kalitatea gero eta hobea delako, emakumeek indar gero eta handiagoa dutelako eta lasterketa gero eta luzeagoak egiten dituztelako».

Giroa lainotsua izan arren, jendea hurbildu zen txirrindulariak bertatik bertara animatzera, punta-puntako ziklista onenak ikustera, txirrindularitzaz gozatzera, finean.