Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Gogoratu eta ahaztu

Autobusean eseri eta esku artean dituen paperak bata bestearen atzetik pasatzen ditu, bizkor-bizkor. Gainazaleko irakurketa bizian ari da. Azterketa aurreko azken errepasoa du, agian. Ordura arte buruan iltzatzea lortu ez dituen izen eta kontzeptuak begietatik sartu bezain laster finkatuko ote zaizkion ahaleginean ari dela dirudi; baina burua, oroimena, xelebrea da, gero, eta larria ez da zeregin horretan oso aldeko.

Gogoratzeaz akordatu eta duela egun gutxi amaren gaixotasun neurodegeneratiboaz mintzo zen alabaren testigantzak sentiarazi zidan hotzak egin dit salto bat-batean, berritu zait. Kontatu zuenez, hasieran huskeriak ahazten hasi zen nonbait eta umorez hartu zituzten etxean amaren despisteak, ez zieten garrantzirik apenas aitortu. Baina ugari eta esanguratsuagoak bilakatu ziren laster eta, ohartzerako, mingarriak zitzaizkien ahanzturak bilakatu ziren, sakonak. Etenik ez zuela izango jakin zuten gero. Haren zaintzak eragindako nekea arindu, kontraesan eta kulpa sentsazioei aurre egin eta gaixotasunak erabat eraldatutako amaren oroitzapena gordetzeko ahaleginean bizi izan dira orduz gero denbora luzean. Ahanzturaren kontra borrokan, alegia.

Bien bitartean, ia akordatzeko gai ez garen bizipenek utzitako arrastoez eta helduaroan ditugun jarduteko, sentitzeko eta pentsatzeko moduetan duten eraginaz entzundako azalpenak gogoratu ditut. Azken batean, horixe da memoriaren funtsa, informazioa pilatu, gorde eta orainaldian berritzeko gaitasuna, hain justu ere. Datu gisa ager daiteke, sentimenduetan edota izaeran eragindako aje modura, indartsu edo lauso, gozo edota oso garratz, lagungarri edo mingarri. Kasu batzuetan, izan ere, bada ahaztu nahi eta ezina. Antza, burmuinak ahalegin berezia egiten du sentimenduei lotutako esperientziak gordetzeko, etorkizunerako baliagarriak zaizkiolakoan, eta, beraz, esanahi emozional handia izan duten oroitzapenak iraunkorragoak dira, mesederako zein kalterako. Horiek desagerrarazteko eta lausotzeko, ezinbestean ahalegina behar da, lanketa, arin eta azaletik egin ezin dena.