GARA
DONOSTIA

Makina erremintaren sektorea %22,6 hazi zen 2023an, AFMren arabera

Makina erremintaren sektoreak fakturazio osoaren marka hautsi zuen 2023an, %22,6 hazi baitzen. Fakturazioa 2.157,3 milioi eurokoa izatera iritsi dela azaldu zuen AFM Clusterrak atzo goizean Donostian. Aditzera eman zuten esportazioek ere %21,8 gora egin dutela. Helmuga nagusia AEBak direla nabarmendu zuten.

AFM Clusterrak 2023ko datuen berri eman zuen atzo Donostian.
AFM Clusterrak 2023ko datuen berri eman zuen atzo Donostian. (Jon URBE | FOKU)

AFM Clusterrak makina erreminta, osagarri, osagai eta erreminten fabrikatzaileen sektorearen urteko itxieraren datuak aurkeztu zituen atzo Donostian. Jose Perez Berdud klusterreko lehendakariak eta Xabier Ortueta zuzendari nagusiak adierazi zuten 2023ko datuak «oso onak» direla. Izan ere, 2023an %22,6 hazi zen sektorea.

Hala ere, aurreratu zuten, oso zaila izango dela 2024an datu horiei eustea. «2022ko kopuruekin alderatuta, marka historikoa urratu dugu, %22,6ko hazkundeaz», esan zuten. 2021ean eta 2022an eskaera ugari lortu zituztenez, sektorearen fakturazioak handitzen jarraitu duela kontatu zuten, eta 2.157,3 milioi eurokoa izatera iritsi zela.

Aipatu zutenez, deformazioaren sektoreak du «portaera dinamikoena», %54,4ko hazkunde nabarmenarekin: hori hein handi batean automobilgintzaren sektoreko inbertsioak suspertzeari eta Mexikotik eta AEBetatik iritsitako eskari handiari esker izan dela argitu zuten. Harroketa azpisektorea ere positiboa izan dela gaineratu zuten, %13,7ko hazkundearekin.

«Esportazioei dagokionez, %21,8 hazi dira maximoetan, eta 1.611,9 milioi eurora iritsi dira», adierazi zuten. Esportazioen helmuga nagusiak 2023an AEBak, Italia, Alemania, Txina, Mexiko, Estatu frantsesa, Portugal eta Turkia izan ziren.

Sektoreak nazioartean duen potentzia nabarmendu zuen Berdud lehendakariak: «2020tik aurrera gure enpresen atzerriko salmentak %60 hazi dira, eta agerian geratu dira gure nazioarteko indarra eta posizionamendu bikaina merkatu garrantzitsuenetan, eta bereziki tamaina handiko makina eta piezekin».

AURREIKUSPENAK

2024ko lehen lau hilabeteak aztertu ondoren, eskaerak motelago biltzen ari direla jakinarazi zuten, 2023ko datuekin alderatuta behintzat.

«Aurreikuspenak egiteko goiz bada ere, zaila izango da iazko zifrak lortzea», onartu zuten. Ortuetak 2024rako aurreikuspenen berri eman zuen: «Ziurgabetasun handiko une honetan, merkatuen egoera oso nahasian gaude. Ekitaldi honetako fakturazioak sendoa izaten jarraituko du, baina zaila izango da 2023koa berdintzea, hurbileko zenbakietan ibiliko garen arren».