GARA
BAIONA

«Lotsak amnistiatuz» eta elektronikari bide emanez, «Basati» lana aurkeztu du Benizzek

Iñigo Muguruza Paradisu Zinema beka irabazi zuen 2023an Beñat Goitiaren Benizze proiektuak eta atzo aurkeztu zuen hortik jaiotako «Basati» lana. Elektronika oinarri, doinu latinoak ere landu ditu gasteiztarrak. EHZ jaialdian estreinatuko du zuzenekoa, ekainaren 28an.

Baionan aurkeztu zuen lan berria Beñat Goitiak.
Baionan aurkeztu zuen lan berria Beñat Goitiak. (Patxi BELTZAIZ)

Beñat Goitiak sortutako Benizze proiektuak EHZ Festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkarrek antolatzen duten Iñigo Muguruza Paradisu Zinema musika beka irabazi zuen 2023an. Orduan, epaimahaiak proposamenaren «freskura, argitasuna eta konbentzimendua» nabarmendu zituen.

Baionan aurkeztu zuen atzo lan berria, ‘‘Basati’’, Antxeta Irratiko Aitziber Zapiain, Elkar Musikako Andres Camio eta EHZko ordezkari Joana Barbierrekin batera.

«1960an, bidea ireki zuen Ez Dok Amairuk, abangoardia eta tradizio herrikoia uztartuz. Azken 20-30 urteotan, berriz, egoera soziopolitikoaren ondorioz, artean garbi islatu den izozte bat izan da. Gaur egun, izoztetik ateratzeko baldintzak daudela uste dut. Pandemiak ere horretan lagundu du, haustura bortitzagoa bihurtuz. Testuinguru horretan kokatzen dut, hain zuzen, Benizze proiektua. Hausturarako proiektu gisa aurkezten dut, 60ko hamarkadan hasitako euskal kantagintzaren fase berri bat irekitzeko. Helburua euskal eszenan musika elektronikoa protagonista bihurtzea da», azaldu zuen Goitiak.

Musikari gasteiztarrak Fermin Muguruzak 2001. urteko Korrikan abestutako «Gas-Gasteizetik, Bai-Baionarat» gogorarazi zuen eta «lotura» horien garrantzia nabarmendu zuen. «Nik bide hori egin dut gaur, haren anaiaren izena daraman bekari esker. Esanguratsua da Euskal Herriko beste periferiara jo izana, Irun-Hendaiako periferiatik, beka hori emateko».

Arestian aipatutako «haustura» hori Euskal Herriko «periferietatik» etorriko dela adierazi zuen Goitiak. Gainera, bekarekiko lotura bakarra hori ez zela adierazi zuen. Izan ere, Antxeta Irratian ibilitakoa da eta EHZn ere bai, «zazpi urtez xingarra frijitzen».

Orain jaialdia beste eremu batetik ezagutzeko aukera izanen du. Bekak zehazten duen bezala, Benizzeren lan berri hau EHZ Festibalean aurkeztuko da, ekainaren 28an.

GORDIN ETA BORTITZ

Diskoari dagokionez, Goitiak onartu zuen ekoizpenean «ahalegin kontziente bat» dagoela «metaforaren testuingurua utzi eta gauzak era gordin eta bortitzagoan azaltzeko». Musikari arabarrak «gogoa» zuen «modu zuzenagoan aritzeko».

«Lagun askok esan didate bazela garaia. Orain arteko ibilbidea beharrezkoa izan da, eta adina edo esperientzia izango da agian, baina gogoa nuen mozorroa kendu, lotsa kendu eta lehen abestiak dioen moduan ‘lotsak kanpora, amnistia’ esateko».

‘‘Basati’’ izena duen diskoak bi ildo dituela azaldu zuen. Ñabardura askorekin bada ere, «esparru elektronikoagoa, hardcore puntu elektronikoa, eta ukitu latinoak edo dantzagarriagoak ere baditu».

Antxeta Irratiko Aitziber Zapiainek azaldu zuenez, Iñigo Muguruza Paradisu Zinema beka lortzeko 28 lan jaso zituzten. «Kalitateak eta kantitateak harritu gintuzten», aitortu zuen. Horien artean Benizzerena hautatu zuen epaimahaiak. «Apustu bat ikusi genuen, euskaratik elektronika mundura salto egiteko. Ardura dugu euskara ahalik eta eremu gehienetara zabaltzeko».

Ildo beretik mintzatu zen EHZ Festibaleko ordezkari Joana Barbier. «Proiektu anitz izan dira eta eskertzen dugu hainbesteko parte-hartzea». Izan ere, jaialdiaren «helburu nagusietako bat euskal kulturaren erakusleiho izatea da». Helburu hori lortutzat eman zuen.

Goitiak berak ekoitzi du lana, Victor Sanchezekin batera, Elkarrek Adunan duen estudio berrian.