«Sagardoak, beste edariek bezala, mila aukera eduki ditzake»
Sagastitik hasi eta sagardozaleak sagardotegitik joan ondorenera arte, hamaika lan eta lan-modu daude, batzuk sagardogintzaren bereizgarri direnak, eta beste batzuk lehen sektoreko jarduera askori eragiten dietenak. Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzailea sektore honen egoeraz eta erronkez aritu da NAIZ Irratiarekin.
Euskal Sagardoa jatorri deitura bat da, eta bi bizkar hezur: bertakotasuna eta kalitatea. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako sagargile eta sagardogileek osatzen dut,e eta negoziaziotan ari dira Nafarroakoak eta Iparraldekoak ere gehitzeko.
Jatorri deiturek zer oinarri izaten dituzte?
Jatorri deiturak ematen dira historia eta garrantzia duten produktuak gordetzeko. Orduan, guk oinarri bat dugu, eta hori bertako sagarra da. 106 bertako sagar mota ditugu, egun, onartuak. Nafarroa eta Iparraldea sartuko balira, 250 izango lirateke. Sagar horiekin egindako sagardoa da Euskal Sagardoa. Mota bateko sagardoa egiten da hemen, batik bat, naturala esaten dioguna, baina, Nafarroa eta Iparraldea sartuko balira, baliteke apardunak ere jatorri deituraren parte izatea.
Baldintza klimatikoak aldatzen ari dira. Bada kezka eragiten dizuenik?
Zenbait zonatan nabaritzen dugu ur falta, baina sagarrik gehien dagoen lekuetan oraindik ez. Oso leku hezean gaude eta sagarrak behar duen ura, normalean, izaten du, nahiz eta badauden eremu batzuk ureztapena eskatzen dutenak eta nola egin planteatzen ari direnak. Hala ere, oraindik, sagarrak duen izaeragatik, ureztapen handirik ez du behar eta ongi etortzen da.
Nekazaritza esparru askotan ekoizle txiki asko izatetik gutxi eta handietara pasa dira. Sagargintzan zer joera dago?
Hemen sagasti txiki asko daude, arazoa beste bat da: baserritarrik gabe geratzen ari gara. Baserrietan bizi den jendea bada, baina baserritarrak gero eta gutxiago daude. Hori ez da gure arazoa bakarrik, sagarrik egin nahi ez duen jendea dugu beste gauza batzuk egin nahi ez dituena bezainbeste.
Gero eta ohikoagoa da sagardo mota desberdinak ekoiztea. Berrikuntzarako ate bat zabaldu nahi duzue horrekin?
Berrikuntzari baino, gaur egungo egoerari. Proposatzen ari diren produktuak lehen egiten zirenak dira, esaterako, sagardo lupulatuak, apardunak, monobarietalak, bibarietalak… horiek denak egiten ziren. Beraz, oraingoa gehiago da egin izan dena balorean jarri, egokitu eta ikusi egungo kontsumitzaileak zer eskari duen. Aldaketak ezinbestekoak dira.
Espezializazio bat bilatzen da?
Bilatzen dena da produktuak duen potentzia guztia garatzea. Guk sagardoa oso epe motzean ezagutu dugu, baina sagardoak milaka urte ditu, eta aldaera ugari. Bestela, sagardoak ematen du momentu jakin batean kontsumitzeko edari bat dela, azken 40, 20 edo 10 urtetan ezagutu dugun bezala, eta ezta gutxiago ere! Sagardoak, beste edariek bezala, mila aukera eduki ditzake.
Belaunaldi aldaketa sektorearen erronketako bat al da?
Oso konplikatua da. Alderdi asko dituen negozioa da eta, gaur egunera egokitzen ez baditugu, oso zaila da atzetik datorren belaunaldiak hartzea. Normalean, hiru edo lau linea dituzte sagardotegi askok: sagastia, elaborazioa eta botilen salmenta, ostalaritza edo txotxa eta bestelako bisitak eta esperientziak. Noski, hori pertsona batek edo bik eramatea oso gogorra da, eta orain arte egin da lana izan delako gure balorea, baina, orain, beste balore batzuk ere sartzen dira, denbora, esaterako.
Egokitze horretan zein aukera daude?
Bat: erreleboa ematen denean hitz egin egin behar da. Hemen asko egin izan dena da, «erreleboa tokatzen zaizu, bada, hartu eta tira», eta gaur egungo gazteek ez dute horrela lan egin nahi. Bi: Formazioa. Nahiz eta asko jakin, formazio batzuk beharrezkoak dira. Hiru: Negozio linea bakoitza aparte kontabilizatzea, jakiteko bakoitzetik nola dabilen.
Sagardo denboraldi honetan Hernaniko eta Astigarragako udalek komunikatu dute herri horietan arazo bat dagoela denboraldiarekin. Sagardogintzatik nola ikusten da?
Arazo honetaz asko eta aspalditik ari gara, zeren honek konponbide bat eskatzen du bai edo bai. Elkarlanerako prest gaude, baina planifikazio bat falta da. Urte askoan deitu zaio jendeari Hernanira etortzeko, eta ez da sagardoak mugitutako zerbait. Gainera, sektoreari ez zaio komeni, sagardotegi gehienek neurriak hartu dituzte eta jantokiak txikitu dituzte txotx lasaiago baten bila. Jakina, batzuk egongo dira hortik kanpokoak, ez diot ezetz. Oinarrian, elkarbizitza arazo bat da, eta ostalariak, sagardogileak, udalak eta dagokiona elkartu beharko gara norabidea ondo planifikatzeko