GARA
DONOSTIA

Hiru udalen arabera, Piaspek ez ditu behar diren bermeak betetzen

Stafkraft enpresa norvegiarrak Errezil, Zestoa eta Azpeitiko lurretan eraiki nahi duen proiektu eolikoak ez du bermatzen beharrezko bideragarritasun teknikoa eta, hori dela eta, alegazio bateratua aurkeztu zuten atzo hiru udalek. Hala adierazi zuten Piaspe proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaren tramitazioan, ingurumen inpaktuaren adierazpena eta hirigintza bateragarritasuna aztertu ondoren.

Hiru udalek ohar batean azaldu zutenez, gaur egun indarrean dagoen Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialak (LPS) jasotzen du halako azpiegiturak «udal plangintzak eragozten ez duen eremuetan» soilik ezar daitezkeela, eta, beraz, Piaspe ezingo litzateke aurreikusitako lekuan ezarri, Sañu mendiaren inguruan, Zestoan indarrean dauden Arau Subsidiarioen arabera, parke eolikorako bidea eta parkea bera babestutako eremuan baileudeke.

Bestalde, Azpeitiko hirigintza bateragarritasunari buruzko txosten teknikoaren arabera, baietsi zuten parke eolikoaren erabilera bateragarria dela herriko plan orokorrarekin, baina ez korridore ekologiko eta paisaia intereseko baldintzatzaile gainjarriekin. Kasu honetan, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena Lakuaren eskumena denez, hark izango luke azken hitza.

HELEGITEA

«Osagai horiek esku artean, Errezilgo, Zestoako eta Azpeitiko udal gobernuek aurkeztutako helegite bateratuetan ondorioztatu da ez direla betetzen proiektua bideragarri izateko beharrezko baldintza guztiak», esan zuten. Hala ere, energia berriztagarrietako konpromisoa berretsi zuten.