IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA

Maskak taldea estreinako diskoarekin «Buruz buru» aritzeko asmoz dator

Itsasutik eta Bidarraitik datozen lau gaztek osatzen dute Maskak taldea. Aurretik Kakolak proiektuan ibili ziren batzuk elkarrekin, baina egiten zuten musikari buelta bat eman eta pop mundura gehiago gerturatu dira orain Betti Albor, Patxi Cazenave Battitt Etchart eta Thomas Saragueta. Asteburuan etxean aurkeztuko dute lana.

Iparraldeko laukoteak popa eta rocka lantzen ditu.
Iparraldeko laukoteak popa eta rocka lantzen ditu. (H. OLHAGARAI)

Rockaren eta poparen bueltan sortutako hamabi kantu plazaratu ditu Maskak taldeak estreinako lanean. ‘‘Buruz buru’’ aritzeko asmoz datoz eta izen bereko kantuarekin abiatzen dute diskoa. Teklatu soinuek Kerobiaren hastapenak dakarzkigute gogora adin bat dugunoi, baina hard-rocka besarkatzera ere iristen dira, gitarraren soloa entzunez gero. Buruz buru aritzearen kontu hori hitzetan ere aurkitzen dugu, norbera den bezalakoa izatea eta barruak agintzen diona egitea aldarrikatzen baitu abestiak.

Gazteak izanagatik ere, abestietan sumatzen da nostalgia ukitu bat. Oso pop garbia eta reggaea uztartu dituzte ‘‘Gibelka’’ abestian eta, kontatu dutenez, estilo horiek gazteago ziren garaia ekartzen die gogora. Lehen singleak ematen dio jarraipena, ‘‘Ekin ala gabe’’, power-pop eta brit-poparen artean koka daitekeen abestia. Leire Casamajou Elkegarai da hitzen egilea eta norberaren bizitzaren jabe izateko ekin egin behar dela nabarmentzen du kantuan.

Musika terapia moduan erabiltzen dugula maiz esaten da eta hori bera kontatzen dute ‘‘Arima galdua’’ abestian Maskak taldekoek. Ahotsak zainduak dira disko osoan baina, hemen, sintetizadorearekin batera melodia ederrak sortu dituzte soinubakarrean. Goxotasuna du abestiak. Hala ere, ez du asko irauten goxotasun horrek, ‘‘Arrabost’’ kantuan amorrua eta indarra direlako nagusi. Gazte askoren kezka bat jartzen dute mahai gainean Maskak taldeko kideek; alegia, norbere herrian bizitzeko ezintasunaren afera.

Baina “maska”-k, hots, maskarak kentzeko asmotan badira ere, eta diskoa horren inguruko aldarrikapenez beteta badago ere, ‘‘Antzerki’’ kantuan guztiz kontrakoa gertatzen da. Depresioaren gaia jorratu dute eta “maska”-k gaitza tapatzeko erabiltzen ditugula aipatzen dute. The Strokes eta Arctic Monkeys bezalako taldeen mundura eramaten dute entzulea abestiaren sarreran jotako gitarra riffarekin.

Mistizismoa eta epika duen ‘‘Saia’’ abestiarekin diskoan aurrera eginda, bat-batean, tekno kantu bat agertzen da zortzigarren pistan. Aro digitalean bizi gara eta askok sareekiko, mugikorrekiko eta halakoekiko menpekotasuna duela eta kezka hori beren egiten dute ‘‘Adikzio’’ kantuan.

Gainerako abestiak hauek dira: Behetik gora doan ‘‘Eztanda egin gabe’’; tempo eta metrikarekin jolasean ibili diren ‘‘Biharkoa’’; amorrazioz unea bizitzera gonbidatzen gaituen ‘‘Denbora doa’’; eta galera baten aurrean sortzen den ‘‘Bere eskutan narama’’. Azken honek Bradley Cooperrek eta Lady Gagak abestu zuten ‘‘Shallow’’ ekartzen du gogora. Guztia Paxkal Etxepareren gidaritzapean grabatu dute.

ASTEBURUAN ETXEAN

Dagoeneko hasi dira diskoa batean eta bestean aurkezten, eta uda honetan izango da haiek zuzenean ikusteko aukerarik. Aurretik, ostiral honetan, maiatzak 24, Itsasutan jaialdian izango dira. Atzarbale, Dj Üzkülüz eta Dupla taldeak izango dituzte ondoan Maskak taldekoek. Buruz buru aritzeko moduko kontzertua, beraz.