Jon ORMAZABAL
PILOTA

Final «handia» izan daitekeen traza baino ez diote hartzen txapeldunek

Sondikan bildu zirenetako hiruk -Jakak, Elordik eta Irribarriak- Jokin Altuna ikusten dute faborito Buruz Buruko finalean; beste hiruk -Bengoetxea VI.ak, Gorostizak eta Eugik-, Unai Laso. Atano X.ena, Ladis Galarza, Urrutikoetxea eta Olaizola ez ziren busti.

Sondikako jatetxe batean bildutako Buruz Buruko txapeldunen familia-argazkia.
Sondikako jatetxe batean bildutako Buruz Buruko txapeldunen familia-argazkia. (ASPEPELOTA)

Dakitenei galdetzea bezalakorik ez omen da ikasteko, eta Jokin Altuna eta Unai Lasoren arteko finala nondik nora joan daitekeen asmatu nahian hurbildu ginen Buruz Buruko txapelketako txapeldunek urtero egin ohi dute hitzordura. Ez dakigu aurten lehen aldiz finalistak bertan zirelako, edo benetan traza handirik hartu ez diotelako, gutxi izan ziren busti zirenak; hiru, Aspekoaren alde -Jaka, Elordi eta Irribarria- eta beste hiru -Bengoetxea VI.a, Gorostiza eta Eugi-, Baikokoaren alde, baina denak ere zalantza handiekin. Iritzi antzekoagoa agertu zuten, ordea, finala, egungo bi izar handienak tartean direla-eta, handia izan daitekeela esatean, eta bat zetozen ere beste honetan: bi pilotari hauek berak, pilotaleku berean, duela hilabete jokatutako partidaren antzik ez duela izango.

«Nik Lasoren alde esango dut, baina orain hiru aste irratian Unai txapeldun izango zela esan nuelako eta ez naiz orain aldatzen hasiko, baina Jokin ere une bikainean da eta aurrekoan Artolaren aurka sekulako erakustaldia eman zuen», aitortu zigun porran 22-20koa jarri zuen Oinatz Bengoetxeak.

Emaitza bera, baina gorri, eman zigun Erik Jakak. «Ez dut batere argi ikusten, baina agian, Jokini txapelketa berean bi aldiz irabazteak duen zailtasunagatik, bere alde egingo dut, 22-20», azaldu zuen lizartzarrak.

«Denok ikusi nahi genuen finala da. Oso orekatua ikusten dut eta, agian, pixka bat Unai Laso ikusten dut faborito, batez ere, orain arte erakutsi duen erregulartasunagatik. Kolpearekin dago, sakearekin mina egiten du, oldarkorra da eta errematean asmatzen ari da. Jokin behetik gora dator, partida batzuk oso pilotaria izateagatik atera zituen aurrera, baina finalerdietan bere bertsio onena atera zuen», azaldu zuen 22-17ko emaitza -denetan alderik handienekoa- eman zigun agoiztarrak.

«Bere ibilbidea eta jokatu dituen finalak ikusita, Jokini jarriko nioke faborito txartela. Altuna III.ak ez du oraindik bere partidarik onena jokatu. Alde horretatik, Laso hobeto heldu da, lasaiago, ondo jokatu du eta indartsuago egon daiteke, baina final batean urduritasunak pisu handia izan dezake», aipatu zuen bi aldiz txapeldun izandako Iker Irribarria aramarrak.

«Ligaxka sistematik gutxien gustatzen zaidana da partida hau aurretik jokatu dutela. Beti askoz erakargarriagoa da aurretik jokatu ez den partida bat. Jende askok pentsatuko du lehen partida horrek erreferentzia bezala balio duela, baina ez du ezertarako balio. Biek egin dute gora eta partida oso berdindua ikusten dut», azaldu zuen Ladis Galarzak, busti ez zenetako batek.

OLAIZOLA, ZUHUR

Besteek ez duten ardura bat izango du Aimar Olaizolak, finalistetako baten, Unai Lasoren, prestatzailea ere badelako goizuetarra; hala ere, bera ere busti ez zen horietako bat izan zen. «Final irekia ikusten dut, gaur egungo bi pilotaririk onenak lehiatuko diren partida bat. Aurretik jokatu dituzten partidek sailkatzeko balio dute, baina ez finalaren egunerako», azaldu zuen.

«Hasiera batean, izan zitekeen finalik handiena da, baina gero zaila izaten da egun horretan dena nahi bezala irtetea. Pertsonak direla kontuan izan behar dugu eta presio handia egoten da».