GARA
BILBO

Urdaibaiko Guggenheimen aurka egitera deitu du Irene Monterok

Podemosen ekitaldia Urdaibain.
Podemosen ekitaldia Urdaibain. (Fernando GOMEZ | EUROPA PRESS)

Irene Monterok, datorren ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako Podemoseko zerrendaburuak, Guggenheim museoa Urdaibaiko erreserbara zabaltzeko «makroproiektuaren» aurka egitera dei egin zion euskal gizarteari, atzo erreserba naturalean egindako ekitaldian. PSEren «babesarekin edo, gutxienez, isiltasunarekin», EAJk babestutako proiektua dela kritikatu zuen.

Pilar Garrido EAEko Podemoseko koordinatzaile nagusia, Luismi Lapeña Europako Legebiltzarrerako Podemoseko hautagaia, Eneritz de Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Elkarrekin Podemoseko bozeramailea eta Richar Vaquero batzarkide bizkaitarra izan ziren alderdiak Urdaibain egindako hauteskunde ekitaldian.

Madrilgo Gobernuko ministro ohiak adierazi zuenez, Busturialdera etorrita, eskualdeko bizilagunei eta Biosferaren Erreserbaren alde eta Guggenheim museoa Urdaibaira zabaltzearen aurka mobilizatzen diren herritarrei babesa adierazi nahi zien.

«Gaur, Biosferaren Erreserba honetan gaude, toki hau defendatzen ari diren auzokide eta erakundeei babesa emateko. Euskal eskuinak, euskal sozialismoaren isiltasunarekin, lurralde hau kaltetzea defendatzen du, paduren pribatizazioa dakarren Guggenheim batekin. Euskal gizarteak aurka egin behar dio», adierazi zuen Irene Monterok.

BABES JURIDIKOA

Bere ustez, proiektua «herrialde honetako erreserbarik garrantzitsuenetako bat arlo publikotik babestearen» aurka doa. «Makroproiektu hori geldiaraztea ez ezik, ahalik eta babes juridiko handiena ematea ere beharrezkoa dela uste dugu», gaineratu zuen.

«Ez dakit nori bururatu zaion lurralde hau makroproiektu batekin, Guggenheim batekin, larriki kaltetzeko ideia, euskal eskuinak [EAJri erreferentzia eginez] aldezten duena, euskal sozialismoaren babesarekin edo, gutxienez, isiltasunarekin», deitoratu zuen.

Podemoseko hautagaiak berretsi zuenez, «bizi garen mundua zaintzen laguntzeko lurraldeak behar duen babes juridiko gorenaren aurka doaz erabat».

Hori dela eta, Irene Monterok elkartasuna adierazi zien beste behin ere biosferaren erreserba hori «babesteko eta defendatzeko gorputza jartzen ari direnei», «esku pribatuetatik» babesteko eta «putreek, espekulatzaileek, gizarte osoaren eskubideekin negoziorik egin ez dezaten».