Surflari ernegatua

Gazteen maila nola igo?

Asko dira entrenatzailea duten surflariak. Batzuek, entrenatzailea bakarrik ez, ekipo oso bat dute haien atzean: kameraria, prestatzaile fisikoa, dietista eta abar. Galdera da, hainbeste baliabide eskaintzen dizkieten surflariak mordoxka bat izan arren, zergatik dira oso gutxi goi mailan lehiatzera iristen direnak?

Nik ez daukat erantzunik, baina uste dut galdera honek eztabaida interesgarria ireki dezakeela. Arazoa da ez dugula eztabaidatzeko ohiturarik, norberak erantzun posibleak bere posiziotik gotortuta aurreikusten dituela, eta, ondorioz, norberaren miseriak eta kontraesanak azaleratzearen beldur, zaunka egitea errazagoa dela. Ez luke horrela izan behar, kontraesanak guztiok baititugu, eta miseriak zer esanik ez, baina, berauek gainditzen saiatuko bagina, pertsona hobeak izateko ahalegina egingo genuke.

Ni neu gazte askoren entrenatzailea izan nintzen urte luzez. Hau da, gurasoek haien seme-alaben surf maila hobetzen laguntzeko ordaindu egiten zidaten. Sarritan, gurasoek ezartzen zizkidaten helburuak lorgarriak ez zirela ikusten banuen, ezezkoa ematen nien, edo gutxienez haiek uste zuten bezain onak ez zirela ohartarazten nien. Baina alderantziz ere gertatu zait, gurasoei haien seme edo alabak talentua zuela ohartaraztea eta laguntzeko prest nengoela jakinaraztea. Kasu horietan ez nuen kobratzen edo merkeago lan egiten nuen, lagundu hitzak esanahi bakarra baitu eta erronka, ikaslearentzat baino gehiago, niretzat baitzen.

Moda pasatu da, gazte gero eta gutxiagok surf egiten du, eta orokorrean gazteen surf maila baxua da. Ondorioz, oso gutxi dira goi mailan aritzeko gaitasuna eta aukera dutenak. Orduan zergatik hainbeste entrenatzaile? Zergatik ez dugu harrobi sendoagoa? Nesken kasuan gertatu den bezala, lehenik maila orokorra igo behar da eta ondoren etorriko dira lorpen pertsonalak. Maila orokorra igotzeko federazioak eta elkarteek izan dezakete ardura handi bat, eta batez ere hezkuntzak, baina maila pertsonalean entrenatzaileen ardura esanguratsua da. Arazoa da batek eta besteak elkarrekin joan behar dutela, ez du balio soilik atal batek funtzionatzea.

Esaldi “errazak” errazegi txertatzen dira eztabaidarako eta hausnarketarako gaitasunik inoiz erakutsi ez duen surflarien komunitatean. «Lan eginez edozer lor daiteke», «denbora kontua da emaitza onak lortzea», «entrenatuz gero zuk ere egin dezakezu» eta antzeko esaldiak lagungarriak izan daitezke kasu batzuetan, baina min handia egin dezakete besteetan. Kontuz ibil behar da premisa faltsuekin edo oinarri ahula duten baieztapenekin. Guraso batzuk haien haurren maila hobetzearekin konformatuko dira, baina beste batzuek haien seme-alaben gaitasuna neurriz kanpo balioztatzen dute, eta hor entrenatzaileak zintzo jokatu behar du.

Europako Junior zirkuitua Marokon hasi da eta Galizian amaituko da. Aurten bi txapelketa baino ez dira izango 20 urtetik beherako kategorian. Euskal Herrian urteak dira Sopelan egiten zen junior txapelketa desagertu zela. Bi datu soil dira, baina oso esanguratsuak dira.