Amaia EREÑAGA
MILAKA LAGUN BIZKAIKO IKASTOLEN IBILALDIAN

Getxoko txonbo jendetsuaren ostean, Galdakaok du lekukoa

Bezperan Algortan bertan izandako hilketarekin kezka bor-bor zegoen arren, arazorik gabe eta giro herritar eta lasaian burutu zen atzo Getxon Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen festa. Euskararen alde txonbo egitera luzatutako gonbidapenak jasotako erantzunarekin eskertuta agertu ziren antolatzaileak, eta han bertan Eguzkibegi ikastolak hartu zuen lekukoa: 2025eko Ibilaldia, Galdakaon.

«Eskerrik asko, Algorta, eskerrik asko, Getxo!», horrela adierazi nahi izan zuten atzo antolatzaileek beraien eskertza, Ibilaldiaren festaren bukaeran. «San Nikolas ikastolako komunitatea eta Ibilaldia Kultur Elkartea oso pozik gaude herritarrek emandako erantzunarekin -esan zuten-. Eguna biribil irten da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu San Nikolas ikastolako komunitateari, haiekin batean auzolanean ibili diren Getxoko herritar eta elkarteei, eta Bizkaiko ikastoletatik etorri diren boluntarioei. Guztion artean egun gogoangarria antolatu eta aurrera eraman dugu».

Aparteko arazorik gabe joan zen eguna. «Eguna biribila izateko osagai ugari izan ditu: egitarau zabala (ikuskizunak, tailerrak, artistak…); Ikastolen Erronka eta Topaketa (milatik gora ikaslek parte hartu dute denera); hasiera ekitaldian izan den giro ona, eta 1963tik hona igaro diren belaunaldiak bertan presente egotea (lehendakari eta zuzendari ohiek ordezkatu dituzte)», antolatzaileen esanetan.

«San Nikolas ikastolako Haur Hezkuntzarako eraikin berria egiteko erabiliko dugu Ibilaldian bildutako dirua -gogorarazi zuten-. Une honetan ezin dugu aurreratu gure helburuetara iritsi garen edo ez. Baina herritarrek eman duten erantzuna itzela izan da, eta uneotan horrekin geratzen gara, getxoztarrek eta Euskal Herritik etorritako herritarrek txonbo egin dutela ikastolan, euskaran eta euskal kulturan».

EUSKAL GIROAN BUSTITZEKO GONBITA

Goizeko eguraldi lainotsua, eguerdian barruraino bustitzen zuen zirimiri bilakatu zen. Baina, nahiz eta tarteka euriak pixka bat busti, giro epela lagun izan du jaiak. Egia esan, egun osoan zehar giroa -meteorologikoa zein emozionala- ezin hobea izan zen Bizkaiko ikastolen festan; egun euskaltzalea, pozgarria, herritarra.

Uretan bezala, euskaran ere txonbo egitera deitu zuen Algortako San Nikolas ikastolako komunitateak eta egiazki euskaran eta euskal kulturaren adierazpen askotarikoan murgildu ziren getxoztarrak bezala, Euskal Herriko lurralde desberdinetatik bertara gerturatu ziren herritarrak.

«1978. urtean egin zen lehen Ibilaldian gu egon ginen, gogoan dut ondo nola izan zen. Bai, Algortan egin zen Bizkaiko ikastolen lehen festa. Gogoan dut ere nola gurutzatu ginen Telesforo Monzonekin», aipatu zigun goizean herriko emakume batek. Goizean goizetik, jendea gerturatzen hasi baitzen Algortara. Metroan, batez ere familiak eta gaztetxoak. Herrian, dantzariak, jolasak, musika nonahi... Giro ezin hobea sortu zen, herritarra oso, koloretsua. Bezperan izandako gazte baten hilketa, hala ere, solasaldi guztietan protagonista bihurtu zen, kezka handia sortu baitzuen herritarrengan.

LAU GUNE

Atondu ziren lau guneetako lehenengora gerturatu ginen: ikastola. Adin guztietako lagunentzat prestatutako aurrenengo ikuskizunetan eta jolasetan bildutakoek oso ongi pasatu zuten.

Hasiera goizeko hamarretan eman zitzaion Ibilaldiari. Hasiera ekitaldian San Nikolas ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek eta Getxoko Udaleko, Hezkuntza Saileko eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek hitza hartu zuten. Ongietorria ematearekin batera, San Nikolas ikastolako lehendakari Unai Arzubiagak proiektuaren lau oinarriak aipatu zituen: «Bihotza (ikastola), herria, tradizioa eta berrikuntza».

Ikastolaren ibilbidea ere azaldu zuen. 1963an bederatzi familiak sortu zuten, eta egun 1.100dik gora ikaslek, 700 familia aktibok eta 140 langile inguruk osatzen dute San Nikolas Ikastola kooperatiba elkartea. Euskararen transmisioa eta biziberritzea ere hizpide izan zituen ikastolako lehendakariak.

Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek euskararen ezagutzan eta erabileran eman diren aurrerapausoak nabarmendu zituen, eta hori, hein handi batean, ikastolei esker izan dela azpimarratu nahi izan zuen, «ikastolak Euskal Herri osoan ari baitira umeak, nerabeak eta gazteak hezten». Ikastolen xedea zein den ere gogorarazi zuen: «Ikastoletan gazte euskaldun konprometituak nahi ditugu, eraldatzaileak, ekintzaileak, arduratsuak, bihotz onekoak eta zoriontsuak. Gizarte hobea dugu jomuga, eta hori lortzen ahalegintzen gara egunero».

Ikastolen Zazpigarren Batzarra ere ekarri zuen Bañalesek bere hitzaldira: «Milaka guraso, irakasle, langile, ikasle eta herritar buru-belarri lanean ari gara, biharko hezkuntzari, ikastolei eta Euskal Herriari ekarpena egiteko. Ekainaren 22an izango da egun nagusia, eta azken hilabeteetako lan guztiaren emaitzak ikusi ahalko ditugu Iruñean».

FESTAREN BARNEAN

Arratsaldeko azken ordura arte luzatu zuen Ibilaldiak bere jarduna, horretarako prestatutako lau guneetan. Jendea gogotsu ibili zen. Adibide bat, eguerdirako, jai honetarako prestaturiko materiala -kamisetak, motxilak eta abar- ia salduta zegoen metroaren plazan ezarritako dendan. San Nikolas plaza eta inguruetan, egun osoan poteoa, musika eta giro herritarra izan ziren jaun eta jabe; portu zaharrean, Algortako jaietan ikusi daitekeen giroaren antzekoa zegoen -bizia, alaia, gaztea eta kontzertuez betea-; eta laugarren gunean, Ereaga hondartzan, Goazen! eta erromeria.

Dagoeneko erreleboa hartu du Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako komunitateak, gaurtik ekingo baitio heldu den urteko Ibilaldia antolatzeari. Goizean jaso zuten lekukoa, San Nikolas ikastolaren eta Ibilaldia Kultur Elkartearen eskuetatik. Eguzkibegi ikastolako kideek ilusio handiz hartu dute 2025ean Ibilaldia Galdakaora eramateko eginkizuna.