GARA
ZEGAMA-AIZKORRI

Kilian Jorneten erabateko nagusitasuna eta Malen Osaren meriztuzko zilarra

Korrikalari katalanak bere hamaikagarren garaipena eskuratu zuen Zegama-Aizkorrin, lasterketa osoa erabat menderatuz. Bigarrenari zortzi minutuko aldea atera zion. Emakumezkoetan, Nordskaar-ek irabazi zuen eta Osa bigarren helmugaratu zen.

Gizonezkoen lehen bost sailkatuak, Zegamako helmugan, Kilian Jornet erdian dela.
Gizonezkoen lehen bost sailkatuak, Zegamako helmugan, Kilian Jornet erdian dela. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Gozatu ederra hartu zuen Zegamako helmugan pilatu zen jende andanak, lehenbizi Kilian Jornet katalana helmuga marrara, bakarrik, nagusitasuna berretsiz, gerturatzen ikustean eta, ondoren, Malen Osak, ikurrina eskuan zuela, bigarren postua erdietsiko zuela jabetzean. Gazte oñatiarrak -duela bi urte Golden Trail Series irabazi zuen Open kategorian- azken urteetan ematen ari den goranzko ibilbideari beste zigilu bat erantsi zion, ez baita lorpen makala Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsuan bigarren bukatzea, bere lehen aldia izanda. Duela bi urte bere lagun eta lehiakide Sara Alonsok bukatu zuen hirugarren -orduan ere ezustekoa emanda-, baina donostiarra, faboritoen artean kokatu zutena, ez zen irteera lerroan egon, gaixotasun baten erruz.

Hutsik egin ez zuena eta pronostiko guztiak bete zituena Kilian Jornet izan zen. Iaz ez zen Zegamako irteera lerroan egon, eta aurten gogotsu itzuli zela aitortu zuen bezperan. Noski, ez zetorren paseora, irabaztera baizik, bere hamaikagarren garaipena eskuratu eta, ahal izanez gero, marka berria ezartzera ere. Berea da lasterketako denbora onena, 2022koa, 3 ordu 36 minutu eta 40 segundokoa. Aurten, bi minutu gehiago behar izan ditu. Lasterketa abiatu zenetik, marka berria ezarri zezakeela zirudien, hasierako kontroletan bere denborarik onenak hobetzen baitzioan. Erritmo iraunkor eta bizia ezarri zuen katalanak lasterketa osoan zehar. Kevin Kibet eta Robert Pkemoi kenyarrak eta Elhousine Elazzaoui marokoarrak gertutik jarraitzeko ahalegina egin zuten lasterketaren erdialdera arte, baina sekula ez ziren mehatxu errealak izan Jornet gainditzeko.

Iaz ez bezala -lokatza, txingorra eta tenperatu hotzak markatu zuten lasterketa-, aurtengo eguraldia samurragoa izan zen. Hala eta guztiz ere, Jornetek ziurtatu nahi izan zuen jaitsiera oro, erorikoak saihesteko xedez. Horrek oztopatu zion errekorra ezartzea, baina era berean horrek eraman zuen garaipenera, bere hamaikagarrena.

«Benetan maite dut giroa», esan zuen katalanak lasterketa hasi aurreko orduetan, eta beretzat deskribaezinak diren paraje ederrak dituela nabarmendu zuen. Liluratuta dago Jornet Zegama-Aizkorrirekin, eta Euskal Herriko mendi lasterkari eta zaleen aldetik ere erabatekoa da miresmena. 2007. urtean irabazi zuen lehen aldiz, 18 urte besterik ez zituela. Ordutik sona handia hartu du Jornetek, mota guztietako errekorrak ezarrita eta ingurumenaren aldeko kontzientziaren aldarria bere eginda. «Gaur egun lasterketa nazioartekoagoa da korrikalarien mailan, baina bere esentziari eusten dio, antolatzen duen herriko jendearen lasterketa izaten jarraitzen du, eta hori gauza bakana da», adierazi zuen, hamaikagarren garaipena erdietsi berritan.

DEBUTA ETA ZILARRA

Are zoriontsuago ageri zen helmuga marran Malen Osa, bere lehendabiziko Zegama-Aizkorrin bigarren postu historikoa lortuta. Gainera, distantzia honetan (42 kilometro) aritzen zen bere estreinako aldia zen baita ere. Haren aurretik Sylvia Nordskaar norvegiarra iritsi zen, sei minutu lehenago. Atabarreran (13,5. kilometroan) lasterketaren buruan jarri eta proba osoa menderatu zuen: «Ametsa zen lasterketa handi honetan irabazi ahal izatea. Lasterketa oso berezia da, energia ikaragarria du, paregabea, kutsatu eta eramaten zaituena. Azkarragoa izan naiz. Ez dut sinisten».

Etxean aritu eta bigarren postu bikain bat lortuta, pozarren bukatu zuen Malen Osa oñatiarrak. Lasterketako ingurumaria oso ezaguna du -askotan entrenatu izan du leku horietan-, eta zaleen gertutasuna ere sentitu zuen. «Pribilegiatua» dela esan zuen, bigarren bukatzea beretzat ere ezusteko izan zela baieztatuz: «Nire lasterketa egitera irten naiz. Kostatu egin zait aurreko korrikalariak harrapatzea. Baina jada gailurrean, nire erosotasun eremuan, pasatu ahal izan ditut. Nire lehen podiuma da hemen, eta nire familiari eta beti laguntzen didan jendeari eskaini nahi diot».