Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Marasma

Ederra da J.M. Coetzee eta Paul Austerrek elkarri 2008 eta 2011 urteen artean igorri zizkioten gutunak biltzen dituen liburua. «Aquí y ahora» du izena obrak eta badu halakoetan ohikoa ez den tonu hurbil, apur bat inprobisatu eta zintzoa. Laguntasunari gorazarre egiten diote. Palestina eskutitz batean, literatur kritika bestean, kirola han eta hemen... Irakurketa oso atsegina da.

Uste dut tonu hurbil horri esker dela Oier Arantzabalen “Barruan gaude” podcasta horren ona. Azkenekoz, Oztan bizi den Asiskoren etxean sartu naiz gozamen handiz eta gogamenean iltzatu zait honek bizilagunekin duen tratu hurbilari ematen dion balioa.

Japonian, aldiz, ez dakit laguntasunak baliorik ba ote duen. Eta Japonia hartzen badut hizpide da ikusi berri dudalako RTVEren “Japón, ¿es país para viejos?” dokumentala. Herrialde krudel baten deskribapena egiten da hiru ordu laurden eskasean, udazken demografiko batek ekar diezaiokeena gizarte bati neoliberalismo basatiaren menpe. Izan ere, dokumentalean eskaintzen diren datuen arabera, Japonian 124 milioi biztanle bizi badira, hauetatik %30 hirurogei urtetik gorakoa da. 70 eta 74 urte arteko japoniarren herenak soldatapeko lanetan dihardu, eta presoen artean asko zaharrak dira. Entzutea kartzelara borondatez sartu direnen ahotsa esanez hobeto zainduko dituztela han kalean baino, non Estatuaren pentsioekin bakardade latzean ezinezkoa den gastuei aurre egitea, izugarria da.

Justizia sozialak porrot eginez gero izan gintezkeenaren erretratu krudela da dokumentala. Eta bertan kontatzen direnetako batzuek urrun samar diruditen arren, aintzat hartuta dokumentalak islatzen duena ikuspuntu bat besterik ez dela eta egon litezkeela bestelakoak, uste dut ezin dugula guztiz baztertu hemen ere tamaina bereko porrot bat.

Aurki hauteskundeak datoz. Zilegi iruditzen zait abstentzioaren eskea, jakina, nahiz eta nik botoa emango dudan. Europak erabakitzen badu gure politika ekonomikoa, eta baita gauza gero eta gehiago ere, nik partida hori jokatu nahi dut. Herrien eta gizakien alde, beti.