GARA
DONOSTIA

4.000 lanpostu inguru sortuko dira aurten Gipuzkoan, Adegiren arabera

Adegik koiuntura ekonomikoari buruzko txostena plazaratu du. Aurten enpleguak Gipuzkoan «portaera sendoa» izango duela iritzi du eta 3.500 eta 4.500 lanpostu artean sortuko direla adierazi du. Modu berean, Barne Produktu Gordina %1 eta %2 artean haziko dela aurreratu du patronalak. Enpresen %88k langile taldeei eustea aurreikusten dute, edo handitzea.

Adegiko arduradunek enpresen koiunturari buruzko analisia aurkeztu zuten atzo.
Adegiko arduradunek enpresen koiunturari buruzko analisia aurkeztu zuten atzo. (Jon URBE | FOKU)

Urteko batzarraren atarian, enpresei egin dieten koiunturari buruzko inkesta aurkeztu zuen atzo Donostian Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendariak, egoera ekonomikoa eta honen bilakaerari buruzko analisia helaraziz. «Enplegua sortzeko aurreikuspen positiboa itxaropen mezu bat da, eta aukera bat gure gazteentzat», adierazi zuen.

Izan ere, Adegik 2024ko aurreikuspenei eusten die. Modu honetan, aurten enpleguak Gipuzkoan «portaera sendoa» izango duela eta 3.500 eta 4.500 lanpostu artean sortuko direla baieztatu zuen. Modu berean, Barne Produktu Gordina %1 eta %2 artean haziko dela aurreratu zuen.

Txostenaren arabera, Gipuzkoako enpresen %80k «zailtasunak» ditu behar dituen lanbide profilak topatzeko. «Paradoxa bat dugu hemen. Enpresek behar dituzten profil profesionalak ez datoz beti bat gazte askok aukeratzen dituzten ikasketekin», aipatu zuen Ayerzak. Eta ardura gazteengan jarri zuen patronalaren zuzendariak: «Zer ikasiko duzuen aukeratzean, ahal den neurrian, enpresek zer eskatzen duten kontuan har ezazue».

Gazteekin jarraituz, etxebizitza lortzeko arazoa ere mintzagai izan zuen. «Eskaintzaren eskasiagatik, prezioaren maila altua da eta ondorioz gazteek ezin dituzte erosi». Honi aurre egitea «administrazio, enpresa, kreditu erakunde eta hezkuntza ekosistema guztien baterako zeregina» dela esan zuen.

«Lanean jarraitu beharko dugu enpresak tamainan, produktibitatean eta lehiakortasunean haz daitezen. Lan egin beharko dugu konpainien lehiakortasuna hobetu eta soldata hobeak ordain daitezen». Gazteek lan baldintza hobeak eskaintzen dituzten enpleguak lortzeko aukera ematen dieten titulazioak ikastea aukera dezaten errepikatu zuen.

Gipuzkoako lan baldintzak «Estatuko onenen artean» daudela nabarmendu zuen, baina, era berean, onartu zuen soldatetan «alde handiak» daudela sektore batzuen eta besteen artean. Horrela, Papera, Metala edo Eraikuntza sektoreetako batez besteko soldatek feminizatuta dauden Garbiketa, Larruzko Merkataritza edo Ehungintzako Merkataritza sektoreetakoak bikoizten dituzte.

Enpresei egindako inkestari dagokionez, fakturazioa batez beste %1,6 hazi dela nabarmendu du Adegik, eta eskaera maila, bestetik, %0,7 jaitsi dela. Zenbaki hauekin, hamar enpresatik zortzik uste dute haien merkatuak «normaltasun edo berraktibazio egoeran» daudela.

Enpleguari begira, %88k uste du langileen plantilla «eutsi edo handitu» ahal izango dutela. Aldiz, «lan kostu handiak eta soldata igoerak» kezka nagusi gisa ikusten dute bi enpresaritik batek. Enpresen %44rentzat langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna ere kezka bat da, eta %33,5i nazioarteko ekonomiaren ahultasunak kezka eragiten die. Beste kezken artean salmenten errentagarritasunaren jaitsiera eta absentismoa daude.

Bestalde, Ayerzak adierazi zuen Gipuzkoako enpresen %94k hamar langile baino gutxiago dituela, «eta horrek zailtasunak sortzen dizkie, korporazio handiekin soldatetan lehiatzeko».