Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Melwin Pantzar antolatzaile suediarrak 2026 arte segituko du Bilbao Basketen

Pantzarrek egoki osatu du aurreneko denboraldia ACB Ligan. Batez beste 8,7 puntu, 3,1 errebote eta 2,5 asistentzia lortu ditu, eta 2025era arte zuen kontratua urtebetez luzatu diote. Iris Mbulito hegalekoak ere beste urtebetez jokatuko du Donostian.

Pantzarrek maila oso ona eman du Bilbon jardun duen aurreneko urtean.
Pantzarrek maila oso ona eman du Bilbon jardun duen aurreneko urtean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Melwin Pantzar ACB Ligako talde askok nahi zuten, baina guk hasieratik nahi genuen gurekin, eta hargatik beste inor baino arinago mugitu ginen bere atzetik», adierazi zuen Jaume Ponsarnau Bilbao Basketeko entrenatzaileak 2023-24 denboraldia hasteko aurreneko entrenamenduaren ostean. «Ziur gaude Melwinek asko emango digula», gaineratu zuen Tarregakoak.

Eta hain zuzen, Alex Renfroerekin batera, lan txukuna burutu du Real Madrilen harrobian hazitako antolatzaileak. Batez beste 8,7 puntu, 3,1 errebote eta 2,5 asistentzia pilatu ditu ACB Ligan, 12,1eko balorazioarekin. Neurri handi batean, Ponsarnauk Renfroe beteranoari atseden minutu gehiago eman dizkiolako Europako lehiaketan, Pantzarri baino. Hala, bere batez besteko balorazioa 12,4koa izan da Europako leihaketan.

Ondorioz, hasiera batean beltzezko gizonek Pantzar 2025era arte fitxatu zuten arren, Bilbao Basketek atzo bertan ezagutzera eman du beste urtebeterako luzatu diola kontratua. Alegia, Pantzarrek 2026ra arte jokatuko du, gutxienez, Bilbao Basketen elastikoarekin. Hala ez balitz, etete klausula ordaindu beharko du eraman nahi lukeen taldeak.

IRIS MBULITO, DONOSTIAN

Alba Prieto, Lara Gonzalez, Roso Buch, Becky Massey eta Nastja Claessensek ez ezik, Iris Mbulitok ere IDK Euskotrenen jokatuko du 2024-25 denboraldian. Talde donostiarrak jokalari multzoaren erdia osatu du dagoeneko.

Ia bi urte saskibaloia lagata egon ondoren, aurten Kanaria Handiarekin hasi du denboraldia jokalari kanariarrak. Alabaina, urtarrilean Donostiara etorri zen eta maila txukuna ematen amaitu du.

Horrela, batez beste 8,5 puntu eta 3,9 errebote pilatu ditu, eta datorren urtera begira donostiarren erreferentzietako bat izan daitekeela ere erakutsi du.

Aitzitik, Kutxabank Araskik Melisa Gretterrek ez duela gasteiztarren artean jarraituko adierazi zuen asteartean. Estudiantes taldetik etorri zen, eta 5,8 puntu eta 4,4 asistentzia eman ditu antolatzaile argentinarrak.

Stephanie Watts hegaleko estatubatuarrak ere ez du Lointek Gernika Bizkaia taldean segituko.