Jon ORMAZABAL
BURUZ BURUKO FINALERAKO MATERIAL AUKERAKETA

Orain arte egon ez den materiala topatu zuen Jokin Altunak saskian

Materialarekin txapelketa lasai bat igaro ostean, finalaren atarian, ez kexa handirik baina bai nolabaiteko harridura izan zen Jokin Altunaren partetik, orain arte txapelketan egon ez den pilota klase batekin topo egin baitzuen. Gustuko bi aurkitu zituen, eta gaitz erdi. Gainerakoak, Lasok aukeratutakoak barne, «bote handia hartzen dutenak», ez zitzaizkion batere gustatu.

Unai Laso eta Jokin Altuna, igandean finala jokatuko duten lau pilotako sortarekin.
Unai Laso eta Jokin Altuna, igandean finala jokatuko duten lau pilotako sortarekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Finalean gorriz aritzeak aukeraketa lehenengo egiteko modua eman zion Jokin Altunari eta ez zuen denbora askorik eman erabakitzen. «Zortzi pilotatik gustukoak gutxi nituen, baina bi bakarrik aukeratu behar dira», azaldu zuen amezketarrak, eta bi horiekin gustura amaitu zuen: «lurrean azkarragoak eta frontisean gutxiago irteten direnak». Baina gainerakoak ez zitzaizkion batere gustatu.

«Desberdinak dira nik eta berak aukeratutakoak. Agian, aukeratzen lehena izan balitz, berak aukeratuko zituen nireak. Ez dakit. Baina zortzitik bi edo hiru gustatu zaizkit. Bestea gustatzen ez zaidan materiala da, frontisetik irteera handia duena eta lurrean, azkenaldian ikusten ari garen materialarekin konparatuta, hain azkarra ez, bote gehiago hartzen duena. Eta frontoi honetan pilotak joera du buelo handia hartzeko, eta horrela iruditu zait», azaldu zuen atzoko hitzorduan.

Unai Lasok, bere aldetik, oso gustura amaitu zuen aurkitutakoaz. Aspekoarekin alderatuta, antzeko materiala iruditu zitzaion batek eta besteak apartatutakoa: «Azkar aukeratu dut. Nire pilotak nik uste biziagoak direla, baina bereak ere antzekoak dira, eta ongi».

Aurten finala baino bi hilabete lehenagotik eginda zegoen partida honetarako aurre aukeraketa. Beste urteetan hamar pilotaren artean aukeratu behar izaten zuten finalistek eta oraingo honetan zortziren artean egin behar izan zuten. Honek ez du pilotarien lana batere baldintzatzen, Baikoko aurrelariaren iritziz. Baina gipuzkoarrarentzat orain aukera gutxiago dago saskian, era guztietako pilotak egon daitezen. Askotan ez da datu oso esanguratsua izaten, baina pisuan ere nabari da alderik batek eta besteak aukeratutakoaren artean. Altunak 105.1 eta 104.9 gramokoak aukeratu zituen, eta Lasok, 106.2 eta 106.7 gramokoak.

ALTUNA, ERASOKORRAGO

Finalak aurreko egunetan jokatzen hasten direla esan ohi da, eta finalaren aurreko azken aurrekoan amezketarra oldarkorrago nabaritu genuen, ahorik altxatu gabe esan beharrekoak esaten; lasaiago, aldiz, berez askoz urduriagoa dirudien Laso. Artolaren aurkako finalerdia amaitu bezain laster, amezketarrak nafarraren bizkarrean jarri zuen berak hainbestetan eraman duen faboritoaren zama. «Orain dela bi edo hiru aste, telebistan eta partidak ematen zituztenetan, ematen zuen Baikok txapela irabazia zuela. Tendentzia aldaketaz hitz egiten zen, eta, bueno, bizirik jarraitzen dugu. Hemen gaude, baina faboritoa, oraingo honetan, nik uste, bera dela. Klasikoa edo derbia deitzen diozue partida honi, eta, halako bat denean, batzuetan bat izaten da faboritoa, besteetan bestea; baina gertatu zait, klasikoa, eta beti ni faboritoa. Orain, txapelketa honetan, ez da horrela. Askoz joko gehiago erakutsi du eta emaitza hobeak izan ditu. Agian hurrengo txapelketa batean nik erraz irabaziko ditut partidak, berak orain egin duen bezala, eta orduan onartuko dizuet, egindakoagatik, ni naizela faboritoa. Baina oraintxe bertan bera da. Argumentuekin erantzun dizuet», bota zuen Aspeko aurrelariak.

Bizkarreta-Gerendiaingoak ez zion inolako garrantzirik eman faborito izaera horri, eta jokoan zentratuta egon nahi duela errepikatu zuen behin eta berriz. Batez ere, sakearekin asmatu eta «presarik gabe» jokatu nahi luke, final zortzirenetan Bilbon bertan egin zuen bezalaxe.