Maite UBIRIA
BAIONA

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen-en mobilizazioak Ipar Euskal Herrian

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak hizkuntz eskubideen aurkako erasoak salatzea eta frantses Konstituzioaren erreforma galdetzea xede duten elkarretaratzeak antolatu ditu larunbat honetarako. 100 bat deialdi dira Hexagonoan, horietatik 10 Ipar Euskal Herrian.

Iragan otsailean kolektiboak Parisen eginiko mobilizazioa.   G
Iragan otsailean kolektiboak Parisen eginiko mobilizazioa. G (ARA)

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen (Pourque Vivent Notre Langues, frantsesez) kolektiboak hauspoturik, hizkuntz eskubideen aurkako erasoak salatuko dituzte, larunbat honetan, Hexagonoko hainbat eskualdetan, baita Ipar Euskal Herrian ere.

Hala, gutxitutako hizkuntzen aitortza ofiziala galdetuko dute Korsika, Bretainia, Katalunia, Alsazia, Okzitania eta Euskal Herrian isla izanen duen protesta egunaren bitartez. Frantziar Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea «lehendabiziko urratsa» dela agerian jarriko da, Estatu frantsesean diren hizkuntza gutxituen defentsan jarduten duten eragileak biltzen dituen kolektiboak sustaturiko protesta berri honen bidez.

AZOKAREN ATSEDENALDIAN

Ipar Euskal Herrian iraganen diren elkarretaratzeetan “Euskara orain!” leloarekin banderolak erakutsiko dituzte. Era berean, frantziar Konstituzioa aldatzeko eskaera agerian jartzeko eta euskararen kontrako erasoak salatzeko afixak baliatzeko, gonbidapena luzatu die Euskal Konfederazioak euskaltzaleei.

Orotara hamar bat herritan -Azkaine, Baigorri, Baiona, Beskoitze, Donibane Garazi, Hazparne, Hendaia, Itsasu, Maule eta Ziburun- antolatu dituzte elkarretaratzeak Euskal Konfederazioaren bultzadapean.

Ziburun “Euskara ala ezkara” lelopean 5. Liburu eta Disko Azoka iraganen da ekainaren 1ean. Azokak eguerdian hartzen duen atsedenaldia baliatuko dute, hain zuzen, plazan bertan mobilizazioa egiteko, 13.00etatik aitzin.

2021eko apirilaren 8an, Paul Molac diputatu bretoiaren ekimenez, frantziar Asanblea Nazionalak “Eskualde hizkuntzen ondare babeserako eta promoziorako” lege historikoa onartu zuen. Alta, legearen kontra jo zuen ondoren Kontseilu Konstituzionalak.

«Geroztik aldaketa gutxi izan dela» aitortu zuen Hur Gorostiagak maiatzaren 21ean NAIZ atariko “Artefaktuan” argitaraturiko artikulu batean. Murgiltze ereduari zein azterketak euskaraz egiteko eskabideari dagokionez, gibelera egiteko arriskua nabarmendu ondoren, «2008. urtean eta 2021. urtean bezala, Estatu mailan hizkuntza gutxiagotuen aldeko indarrak bildu eta Konstituzio aldaketa berri bat bultzatzera goaz» iragarri zuen Seaskako ordezkariak, gaurko mobilizazio eguna babestuz.