Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Hondarribiko eta Lekeitioko urek urteko lehen bandera ofizialak banatu dituzte

Traineruen denboraldiari hasiera eman zitzaion atzo bi herri horietako uretan. Gipuzkoako Txapelketan, Hondarribia (gizonetan) eta Arraun Lagunak (emakumeetan) izan ziren txapeldunak, eta Bizkaikoan, Bermeo (gizonak) eta Kaiku (emakumeak).

Ioseba Amunarriz Hondarribiko lemazaina, Gipuzkoako bandera etxean astintzen.
Ioseba Amunarriz Hondarribiko lemazaina, Gipuzkoako bandera etxean astintzen. (HONDARRIBIA AE)

Hondarribiko eta Lekeitioko urek traineruen denboraldi ofizialaren hasiera jaso zuten atzo. Bi herri horietan, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak jokatu ziren. Neguko denboraldiaurrean egindako lana taldeei nola joan zaien aztertzeko egokiak izaten dira lehen txapelketa hauek eta, hala, urteko lehen txapeldunak ditugu: Hondarribia -gizonezkoetan- eta Arraun Lagunak -emakumezkoetan-, alde batetik, eta Bermeo -gizonezkoetan- eta Kaikuk -emakumezkoetan-, bestetik, lehen banderak astindu zituzten.

Bi proba hauetan, gainera, datorren igandean Donostiako Kontxako Badian jokatuko den Euskadiko Txapelketarako txartelak banatu zituzten.

Hondarribian, emakumezkoen estropadan, Arraun Lagunakek iazko denboraldiko maila bera erakutsi zuen. Ohorezko txandan lehiatu ziren eta emozioz beteriko txanda izan zen.

Egia da Andrea Astudillok gidaturiko ontzia lehen paladatik oso nagusi izan zela, baina Tolosaldeak gauzak bizitu zituen bigarren luzean. Amondarain lemazainaren Tolosaldea Arraun Lagunaken atzean jarri zen, alde batetik bestera trainerua ezin kontrolatuz. Pentsa, ia talka egin zuen laugarren kaletik zetorren Donostiarrarekin, Arraun Lagunakeko lemazainaren arraunarekin ere bai... Zorionez, ez zen ezer gertatu eta Arraun Lagunakek buru jarraitu zuen helmugaraino, eta denbora onena markatuta, bandera eskuratu zuen.

Gizonetan, Hondarribiak, etxean, 15. titulua eskuratu zuen, bosgarrena jarraian. Estu-estua izan zen bere txanda, eta bigarren luzean bazirudien atzean geratuko zela besteek olatu onak hartu zituztenean. Hala ere, aurrera egin zuten berdeek berriro ere. Azken luzean Donostiarra beren itzalean jarri zen. “Ama Guadalupekoa” bigarren kalean sartu, baina bere kalera bueltatu zen ondoren, eta lehia atzean egon zen azken unera arte: Getariak bigarren postua bereganatu zuen, Donostiarraren aurretik.

Gainera, bigarren txandan aritu zen San Juanek laugarren postua lortu zuen eta Euskadiko Txapelketan arituko da.

KAIKU ETA BERMEO

Bizkaian aurreikuspenak bete ziren, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Azkeneko horretan, Kaikuk, Ondarroa eta Deusturen aurretik, iazko titulua errepikatu zuen. Urdaibaik, bestalde, Zierbena izan zuen hasierako aurkari zuzena, baina segituan alde egin eta bandera astindu zuten bermeotarrek. Atzetik, Lekittarrak oso estropada ona egin zuen eta Kaiku atzerago geratu zen segituan. Aurreko txandako Ondarroak 4. postua eta Euskadikorako txartela lortu zituen.