Haritz LARRAÑAGA
SURF

Vahine Fierro eta Italo Ferreira, Teahupooko txapelketako irabazleak

Gonbidapen wildcard bati esker parte hartu zuen Fierrok eta txapela irabazi zuen etxean. Mutilen kategorian Ferreira brasildarra nagusitu zen. John John Florence eta Brisa Hennessy bigarren geratu ziren eta CT rankingeko buru dira.

Vahine Fierro, nesken kategoriako irabazlea.
Vahine Fierro, nesken kategoriako irabazlea. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

 

Maiatzaren 30ean amaitu zen CT itzuliko seigarren txapelketa Tahitin. Aurten ere itzelezko ikuskizuna eskaini zuten lehen mailako surflariek munduko olatu zail eta arriskutsuenetako batean, baina batez ere neskek erakutsi zuten maila nabarmendu behar da. Inoiz baino ikusle gehiagok jarraitu zituzten nesken txandak zuzenean. Olatu handietan asko arriskatu zuten lehiakideek eta, azkenean, Vahine Fierro polinesiarra eta Italo Ferreira brasildarra nagusitu ziren.

Finalera iritsi arren bigarren postuan geratu ziren Brisa Hennesy Costa Ricako surflaria eta John John Florence hawaiiarra CT rankingeko lehen postura igo dira. Aldaketa esanguratsuak izan dira rankingetan Tahitiko txapelketaren ostean.

Uztaileko Olinpiar Jokoetako surf txapelketa Teahupoon izango da eta joan den asteko irudiek zer gerta daitekeen aurreikusten laguntzeko balio dezakete. Nesken kategorian, adibidez, Frantziaren ordezkari Vahine Fierrok erakutsi du olatu handiak badaude urrezko domina irabazteko aukera handia duela, Teahupoon gainontzeko lehiakideak baino koska bat gorago dagoela frogatu baitzuen.

VAHINE FIERRO

Surfaren historian inoiz ez dira neskak halako baldintza zail eta arriskutsuetan itsasoratu. Ziur aski, duela urtebete edo bi urte ez ziren itsasoratuko Teahupooko txapelketako azken eguneko baldintzetan. Ordea, duela urte gutxi pentsaezinak ziren muga guztiak gainditu eta sekulako ausardia eta teknika erakutsiz, itzelezko ikuskizuna eskaini zuten, eta guztien gainetik lehiakide bat nabarmendu zen: Vahine Fierro.

Gonbidapen wildcard bati esker lehiatu ahal izan zen, hain zuzen ere, 24 urteko polinesiarra Teahupooko txapelketan eta erakutsi zuenez, ezin hobeto ezagutzen du bertako olatua, non Olinpiar Jokoetako surf txapelketa egingo baita uztailean.

Nesken kategoriako azken txandak baldintza oso zailetan egin zituzten eta lehiakide batzuek beldurra zutela agerikoa zen, baina hori mutilen kategorian ere gertatzen da; Teahupoo bezalako lekuetan ezin da disimulatu eta lehiakide batzuk beste guztien gainetik nabarmentzen dira.

Final erdietan Fierrok Tatiana Weston-Webb brasildarraren kontra egin zuen txanda historiara pasatuko da. Nesken mailan inoiz ikusi ez diren irudiak eskaini zituzten bi lehiakideek. Brasildarrak hamarreko bat lortu zuen tubo erraldoi baten erraietan desagertu eta osorik ateratzea lortu ostean, baina bigarren olatu on bat falta izan zitzaion eta Fierrok, ostera, bi olatu bikain izan zituen; bata 9’63 puntukoa eta bestea, 8’07 puntukoa. Ezbairik gabe bi lehiakide horiek hartu zituzten olatu handienak nesken kategorian.

Weston-Webb gailenduta, erraz irabazi zuen finala Fierrok, baina garaipenak ez dio balio izan puntuak biltzeko, ez baitago lehen mailan. Challenger Series rankingeko zazpigarren postuan da polinesiarra; alegia, laugarren postuan dagoen Nadia Erostarbe baino beherago. Aitzitik, uztailean Teahupoon egingo den Olinpiar Jokoetako surf txapelketan berriz irabazteko aukera handia duela agerian geratu da, olatu handiak badira arerio gutxi baitira Fierro bezala olatu munstroa mendean hartzeko gai.

 

ITALO FERREIRA

Japoniako hiriburuan, Tokion, egin ziren Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Italo Ferreirak eta mota guztietako olatuetan itzelezko maila duela erakutsi du sarritan. 2019. urtean, esaterako, WSLko munduko titulua lortu zuen Pipelineko txapelketa irabazi ostean. Ordea, brasildarrak arantza bat zuen, bere iritziz egun hartan olatuak ez baitziren behar bezain handiak eta berak muturreko baldintzetan ere irabaz dezakeela frogatu nahi zuen.

«Honen zain nengoen, mota askotako olatuetan irabazi izan dut, baina ez tuboetan; iaz ezin izan nintzen hemen lehiatu eta luzaz borrokatu dudan garaipena da», azaldu zuen Italo Ferreirak Teahupooko txapelketan garaipena eskuratu ostean.

Arerio zailena izan zuen parean Ferreirak finalean, txapelketa osoan itzelezko teknika erakutsi zuen John John Florence hawaiiarra. Borroka oso gogorra izan zen, baina azkenean brasildarra nagusitu zen. Florencek 9’33 eta 7’83 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin. Ferreirak, ostera, 8’93 eta 8’77 puntuko olatuak egin zituen.

Gauzak honela, John John Florence CT rankingeko buru jarri da. Griffin Colapinto bigarren postura jaitsi da, Jack Robinson hirugarren postura jaitsi da, Ethan Ewingek laugarren postuan jarraitzen du eta Italo Ferreira bosgarren postuan da hamaika postu gora egin ostean.

Nesken kategorian, bestalde, Brisa Hennessy da buru. Caitlin Simmers bigarren postura jaitsi da, Molly Picklumek hirugarren postuari eutsi dio, Johane Defay laugarren postura jaitsi da eta Caroline Marks bosgarren postura igo da.

CT zirkuituko zazpigarren txapelketa ekainaren 6tik 15era bitartean egingo da El Salvadorren.