GARA
BAIONA

Erramun Baxok ohorezko euskaltzaina eta EKEko lehendakari ohia zendu da

Erramun Baxok ohorezko euskaltzaina eta Euskal Kultur Erakundeko (EKE) lehendakari ohia hil zen astelehenean, 95 urte zituela. Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu zuenez, Baxok «beti euskararen geroaz kezkatuta zebilen euskaltzalea» zen, baita «soziolinguistikan goren mailako aditua» ere. EKEk pedagogian, soziolinguistikan eta kulturan egindakoa nabarmendu zuen.

Erramun Baxok 2014ko artxiboko irudi batean.
Erramun Baxok 2014ko artxiboko irudi batean. (Sylvain SENCRISTO)

Erramun Baxok irakaslea, ohorezko euskaltzaina eta Euskal Kultur Erakundeko (EKE) lehendakari ohia ekainaren 3an hil zen, 95 urte zituela.

Nafarroa Behereko Suhuskun herrian sortu zen Baxok, 1928ko abenduaren 26an.

Mintzoak.eus atariak orain zendutakoari eskainitako biografian irakurri daitekeenez, herriko eskolan ibili ondotik, bigarren mailako ikasketak hainbat ikastetxe eta seminariotan (Afrikako misioak) egin zituen Erramun Baxokek.

Munduko II. Gerrako gorabeheren arabera, Tarnosen (Baudonne), Champtoceauxen (Maine et Loire) eta Nantesen ibili zen. 1947an bi aldiz lizentziatu zen.

Unibertsitateko ikasketak Lyon-eko Institutu Katolikoan egin zituen, eta han, filosofiako lizentzia erdietsi zuen 1953an.

1953tik 1967ra, apaiza eta filosofia irakaslea izan zen, hasieran frantses Estatuan eta ondoren Boli Kostan.

Hamar urte Quebecen egin ondoren, 1978an itzuli zen Ipar Euskal Herrira.

EKEREN DOLUMIN MEZUA

Euskal Kultur Erakundearen buru izan ondoren, erretreta hartuta zegoen Baxok. Erakundeak dolumin mezua helarazi zien bere senideei. X sare sozialaren bidez plazaratu zuen mezuan nabarmendu zuenez, hizkuntzalaria EKEko administratzaile egon zen sorreratik, eta ondoren lehendakari gisa jardun zuen 1994tik 2003ra.

«Langile porrokatua, anitz inplikatua izan da pedagogiaren munduan, soziolinguistikan eta kultura arloan», nabarmendu du EKEk.

Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 1996ko martxoaren 29an, eta ohorezko 2010eko urtarrilaren 29an. Euskaltzaindian batzorde hauetan egin zuen lan: Jagon saila (1995-1999) eta Sustapena (1999-2021).

Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu zuenez, «beti euskararen geroaz kezkatuta zebilen euskaltzalea» zen, baita «soziolinguistikan goren mailako aditua» ere.

Erakundeak bere webgunean azaldu zuenez, Baxokek zenbait idazlan argitaratu zituen: “Euskaraz bizi” (zuz.) (1984-1990); “Helduen euskalduntzea eta etorkinak Ipar Euskal Herrian” (elkarlanean) (2010); eta “Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian” (elkarlanean) (2011).

SOZIOLINGUISTIKA IKERKETA

Soziolinguistikan euskararen normalizaziorako helburuari eginiko ekarpena agerian jartzen du Erramun Baxoken ibilbideak.

1990ean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik “Bat Soziolinguistika Aldizkaria” bultzatu zuen, «beste herrietako saioak, arrakastak eta porrotak aztertu» beharra zegoela uste baitzuen.

2000. urtean, Erramun Baxok EHUko irakasle eta Euskal Kultur Erakundeko lehendakari ohiak aspaldi egina zuen proposamen baten gaineko hausnarketa berreskuratu eta bi lan ildo antolatu zituen aldizkariko erredakzio batzordeak: bata SEI Elkartea sortzeko, bigarrena, arlo akademiko, instituzional zein pribatuko eta gizarte arloko zenbait erakunderekin harremanetan jartzeko.