GARA
GETXO

«Play» sakatuko du Getxophotok, jolasak seriotik asko duela erakutsiz

Iazko «Pausa» lema atzean utzita, «Play» sakatu eta jolaserako gonbidapena egingo du bihar abiatuko den Getxophoto jaialdiak, «ez baitago jolasa baino gauza serioagorik», Maria Ptqk komisarioaren hitzetan. 22 artistaren lanak ikusgai izango dira Getxon barrena.

Argazkilaritzaren toki nagusia bilakatuko da Getxo bihartik ekainaren 30era bitarte.
Argazkilaritzaren toki nagusia bilakatuko da Getxo bihartik ekainaren 30era bitarte. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Getxori irudia eta kolorea jartzera dator berriz ere Getxophoto, aurten 18. edizioan eta bigarren urtez Maria Ptqk komisarioaren gidaritzapean. Iazko ‘‘Pausa’’ lemari segida emanez, bihartik ekainaren 30era bitartean ospatuko den edizio berria ‘‘Play’’ leloari eskutik helduta etorriko da, komisarioaren hitzetan, ez baitago «jolasa baino gauza serioagorik».

«Haurtzaroan jolasa askatasunaren sinonimoa da, helduen boteretik kanpo dagoen fantasiazko mundu bat, non dena posible den eta errealitatea etenda geratzen den. Legerik gabeko mundua. Baina jo-lasten gauza ugari ere ikasten dugu: arauak errespetatzen, kanpotik inposatutakoak, joko horretan horrela jokatzen delako, edo asmatzen ditugunak, joko horretan beste era batera ere joka daitekeelako. Bizikidetzaren oinarrizko arauak ikasten ditugu, taldea egiten eta bakarrik jolasten, galtzen eta irabazten, errespetatzen eta negoziatzen. Proba leku zabal horretan etortzekoa dena entseatzen dugu», azaldu zuen Ptqk-ek. Gai hau abiapuntutzat hartuta, jolasak eta jolas egiteari buruz hausnartuko dute, gizartean eraikitzen diren murriztapen eta mugak aztertuz, eta jolasak gure bizitzan duen garrantzia nabarmenduko da, Getxophotokoek adierazi zutenez.

Erakusketei dagokienez, hiru ardatz nagusi izango ditu aurten ere jaialdiak -Algortako erdigunea, Ereaga hondartzako pasealekua eta Erromo-Areeta-. Toki horietan banatuta, Suitza, Japonia, Alemania, Txina, Argentina, Brasil, Ukraina, Estatu Batuak, Polonia edo Errusia bezalako herrialdeetatik datozen 22 artistaren lanak ikusteko aukera egongo da.

Horien artean, antolakuntzatik Algortako lau gune ezberdinetan ikusi ahalko den bat nabarmendu dute, Zubiaurre anaien ibilbidea erakusten duena, hain zuzen: formatu handiko sei lan dira, Bilboko Arte Ederren Museoarekin lankidetzan sortuak eta, pinturatik harago, «anaia bitxi hauen argazkigintzaren alde liluragarria, beren garairako oso aurreratua, erakusten duena».

Hirugarren urtez Kutxaren Fototekarekin lankidetzan ere aritu da Getxophoto: Veronica Fieiras editoreak, ‘‘Leve’’ izeneko lanean, igeriketa-jauzien artxibo honetako irudiak binilozko diskoetan inprimatu eta norbera lasaitzeko musikaz bete ditu.

Aipagarriak dira, gisa berean, Lu Yang artistaren unibertso digitala -berraragitzearen kontzeptu budistak teknologia berriekin uztartu ditu-, Nina Daviesen etorkizun distopikoak edota 2girls1comp, Masahisa Fukase, Anna eta Bernhard Blume eta Luisa Dorr-en proposamen berritzaileak.