GARA
IRUÑEA

17.469 ikasle EBAU azterketa egiten ari dira egun hauetan Hego Euskal Herrian

EBAU azterketak, Donostiako campusean.
EBAU azterketak, Donostiako campusean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hego Euskal Herriko ikasleak unibertsitatera sartzeko azterketa egiten ari dira egunotan. Guztira, campus ezberdinetan, 17.469 ikasle aurkeztuko zirela aurreikusita zegoen.

Boligrafoa eta papera hartzen lehenak nafarrak izan ziren. Asteartean abiatu zen EBAU, non 4.036 ikasle ari dira froga diferenteei aurre egiten, iaz baino 215 gehiago. Izan ere, inoiz baino gehiagok izena eman dute, lehen aldiz 4.000 lagunen langa gaindituz.

Aurtengo deialdiko berritasun nagusia da aurreneko aldiz ebaluatuko direla LOMLOEn jasotako Batxilergoko modalitateetako ikasgaiak. Aztertutako 23 irakasgaitik 32ra igaro dira, eta, ondorioz, proben ordutegiak beste deialdi batzuetakoekin alderatuta egokitu behar izan dira.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, matrikulatutako ikasle guztietatik 2.377 emakumeak dira (%58,89), eta gainerako 1.659 gizonak (%41,11). Hizkuntza-ereduen arabera, 3.010 ikasle proba gaztelaniaz egiten ari dira (%74), eta gainerako 1.026 euskaraz (%26). Zifra horiek, Exekutiboak emanak, «egonkor» mantendu dira azken urteetan.

Bihar egingo dituzte azken azterketak Iruñeko eta Tuterako campusetan.

EAEN, OSTIRALA ARTE

EHUren hiru campusetan, aldiz, izena 13.433 lagunek eman zuten. Atzo bertan abiatu zituzten azterketak, Euskara eta Literatura ikasgaiaren frogarekin. Ostiralera bitarte iraungo dute azterketek.

EBAUra aurkeztu diren 13.433 pertsonetatik 12.073 Batxilergoko ikasleak dira, eta 849k Goi Mailako Heziketa Ziklo bat (Lanbide Heziketa) burutu dute.

12.922 pertsona horiei aurreko ikasturteetako 511 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko ikasgai espezifikoetara aurkeztu direnak. Guztizko kopurua, 13.433, iaz erregistratutakoa baino %0,2 handiagoa da, orduan 13.401 matrikulatu baitziren EBAUn.

Bigarren fase bat ere badu EBAU honek, onarpenekoa eta borondatezkoa. Bertan, ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako enborreko ikasgaien blokeko aukerako edozein jakintzagaiko azterketa egin dezake, gehienez ere lau.