IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Kaioen ordua», Ibon Martinen eleberria euskaratu du Aiora Jakak

Ibon Martinek sortutako Ane Cestero Ertzaintzako buru den pertsonaiean oinarritutako bigarren eleberria euskara itzuli du Aiora Jakak: “Kaioen ordua”. Kontakizuna Hondarribian kokatu du oraingo honetan, eta Alardeari lotutako krimen matxistak ditu oinarri.

Martin eta Jaka, atzo, liburuaren aurkezpenean.
Martin eta Jaka, atzo, liburuaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ibon Martinek tokia abiapuntutzat hartuta idatzi ohi ditu eleberri beltzak, baina kontrako noranzkoan idatzi zuen “Kaioen ordua”. Hondarribiko Alardeak betidanik txunditu izan omen du, eta bertan gertatzen zena salatzearen ideia oinarri hartuta hasi zen eleberria idazten. Orain euskaraz ere irakurgai dago, Aiora Jakak euskaratu baitu.

Ane Cesterok gidatzen duen Ertzaintzako taldeari egokitutako kasua kontatzen da nobelan, “Tulipen dantza” eleberriko talde bera. Kasu honetan, irailaren 8an, Alardearen egunean, Jaizkibel konpainia mistoan desfilatzen doan emakume bati labankada bat sartu dio norbaitek plastiko beltzen atzealdetik. Krimen matxista gehiago gertatuko dira ondoren, eta horiek ikertzea xede izango du Cesterok.

Martinek eta Jakak euskarazko bertsioaren aurkezpena atzo egin zuten Donostian. Jakak azaldu zuenez, «plazer bat da Ibonen itzultzaile partikularra izatea». Izan ere, Martinen liburuetatik euskaratu diren guztiak Jakaren eskutik itzuliak izan dira. Adierazi zuen ez zaiola bereziki zaila egin itzulpen lana, gazteleraz idatzita badago ere, Euskal Herriko paisaian eta kulturan «oso errotuta» dagoen istorioa delako. «Alardearen gaiak beti harritu izan nau, eta gertatzen dena salatu beharra sentitu nuen», esan zuen idazleak, eta lehen aldiz istorioa pentsatzen hasi eta gero kokalekura jo zuela azaldu zuen: «Opari bat izan da Txingudin kokatzea. Inguru horretan eleberri bat idazteko eszenatoki pila bat daude».

FURGONETA BATETIK

Mendiguren editoreak aurkezpenaren hasieran idazlearen dohainak errepasatu zituen eta, horien artean, iraganean egindako bidaia gidek utzitako arrastoa nabarmendu zuen. Tokiek protagonismo handia dute Martinen eleberrietan, eta azken hau ere ez da salbuespena; «gustatzen zait irakurlea han sentitzea», aipatu zuen.

Deskribapenek pisu handia dute liburuan, eta, hori lortzeko, idatzi bitartean Hondarribira eta inguruetara bidaia ugari egin zituela adierazi zuen: «Furgonetan idatzi nuen eleberri hau. Donostian aparkatuta neukan furgoneta, eta kanpoaldera mahaitxo bat ateratzen nuen. Baina Hondarribira joan behar nuen lekuen xehetasunen bila, pandemia garaia zen eta ezin zen. Dena dela, argitaletxeak baimena sinatu zidan, egun horietan nire lana Hondarribian egin behar bainuen. Ikustearekin ez da aski, usaindu eta entzun ere egin behar da. Ohore bat izan zen, egun horietan Hondarribiko jendea eta ni bakarrik egotea bertan».