Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Ahmad Al-Najar

Hilketa teknologia zehatz eta eraginkorrak direla-eta, droneak gerran erabiltzen hasi ziren garai berean, dronea lanabes eta aztergai duten artelanak eta arte interbentzioak agertzen hasi ziren. Hastapeneko lan haietatik buruan iltzatuta geratu zitzaidan Pakistango Khyber Pakhtunkhwa probintzian Inside Out elkarteak egindako “Not a Bug Splat” (Ez da zapaldutako zomorro bat, 2014) instalazioa. Izenburutik bertatik instalazioak drone operadoreek beren biktimak izendatzeko duten moduari kontra egiten dio, teknologiak eta hura erabiltzen dutenek ukatu eta akabatu egin nahi duten hori ikusaraziz: 2004tik 2014ra bitartean drone bidez Pakistanen hildakoak. Khyber Pakhtunkhwako hainbat lekutan tamaina handiko argazki-erretratuak jarri zituzten, drone kamera batek ondo antzemateko moduan. Argazki-erretratu horietan biktimak hil aurretik ziren bezala azaltzen dira, nortzuk ziren ahaztu ez dezagun. Zentzu horretan, gerra indarkeriaren beste alderdi bati kritika egiten dio instalazioak: hildakoak estatistika moduan azaltzeko joerari, argazkilaritzak ere maiz jarraitzen duen logika. Horregatik, maiatzaren 26an Israelgo armada okupatzaileak Rafahn egindako sarraskian burua moztutako umetxoaren irudiak zabaltzen hasi eta gutxira, umetxo beraren argazkiak eman zituzten bere gurasoek. Bere izena Ahmad Al-Najar zen eta 18 hilabete zituen.