Iker GURRUTXAGA
HONDARRIBIA
Elkarrizketa
MIKEL LARRATXE ETA MAIALEN SALAS
Psilocybe Elkarteko kideak

«Musikariek musikarientzat sortutako espazioa da Psilocybe»

Mikel Larratxe eta Maialen Salas Psylocibe elkarteko kideekin izan gara elkarteak 30 urte bete dituenean. Ospakizun bezala bilduma bat publikatu dute, eta elkarteko taldeekin festa antolatu. Gaur, ekainak 8, izango da festa Psilocyben, eta, egin duten guztiaren aitzakian, elkartearen 30 urteei errepasoa egin eta egungo egoeraz hitz egin dugu kideekin.

(Uxoa ANDUAGA eta Amaia OCA)

Arraun kontuak diskoa irekitzeko, zuek arraunaz gogaituta zaudete?
MAIALEN SALAS:

Ni ez!

MIKEL LARRATXE:

Ni bai. Fifty fifty gaude, hortaz.

30 urte pasa dira dagoeneko Psilocybe elkartea martxan jarri zenetik. Zenbat geratzen dira edo zenbat zaudete hasieran proiektua abiatu zutenen artetik?
M.S.:

Nire ustez, batzuk geratzen dira. Danel eta Anjel LIFekoak ziur, eta beste batzuk ere bai… Pedro eta besteren bat.

Zuei zer transmititu zizueten Psilocyberen parte izatera zindoaztenean, elkartearen kide izatera pasa zineten unean? Pentsatzen dut gazteak izango zinetela.
M.S.:

Hasi nintzenean 18 edo 19 urte nituen, eta errebotez iritsi nintzen. Talde batean jotzea zen nire nahia eta hemen sartzeko aukera eman zidaten. Nahikoa erraza izan zen guztia. Kontzertuetara joaten ginen, eta haietako batean esan genuen sartu egin nahi genuela, eta hasi ginen etortzen eta listo. Dena oso naturala izan zen. Hasi ginenean oraindik ez zegoen aretorik ere, lokalak baino ez zeuden, eta sekulako naturaltasunarekin moldatu ginen tokira. Ordutegi banaketak, garbiketak… Halakoak nola ziren ikasi eta aurrera. Ematea eta jasotzea nahiko orekatuta zegoen, sekulako lantaldea zegoelako.

Aurten bilduman parte hartu duten talde asko dira diskoa ateratzekotan direnak. Elkartearentzat harrotzeko moduko zerbait izango da, ezta?
M.L.:

Bai, zalantzarik gabe. Gure gabeziak ditugu, baina beti mantendu da multzo bat kantak egiten, entseatzen eta neurri handiagoan edo txikiagoan argitalpenak kaleratzen. Orain garai polit batean gaude jende kopuruaren aldetik, kontzertuen aldetik, programazio aldetik, eta baita lanean dagoen jendearen aldetik ere.

Lokaletan “overbooking”-ik badago gaur egun?
M.S.:

Bai, dezente, kar-kar. Baina hori ona da, e! Jende gaztea sartzen ari dela esan nahi baitu horrek. Gure lokalean 9-10 talde gara, esaterako.

M.L.:

Hiru lokal ditugu eta hiruretan eskari handia dago, ordu batzuetan besteetan baino gehiago izan arren, normala den bezala. Garai asko pasa ditu Psilocybek, urte hobeak edo okerragoak, baina entseatzeko lokalek beti izan dute eskari handia.

Nazioarteko talde asko pasa izan dira bertatik. Zenbateko ardura sentitzen duzue halako toki bat bizi-bizirik mantentzeko?
M.L.:

Zalantzarik gabe ardura handia da. Azkenean, guk militantziako lana egiten dugunez, soldatapeko langilerik ez dago. Asko eskatzen digu honek gure elkarteko kideei, eta etengabeko gatazka bat da zenbaterainoko lan karga hartu dezakegun edo ez erabakitzea. Nahi genituzkeen kontzertu denak ez ditugu antolatzen, gehiegi programatzeko arriskua dagoelako. Txandak bete behar dira, komunak garbitu behar dira…

M.S.:

Azkenean, sekulako espazioa dugu aprobetxatzeko eta disfrutatzeko, baina denen artean egin behar dugu lan oreka hori mantentzeko. Espazioaz disfrutatu egiten duzu, jaso egiten duzu, baina lana ere egin beharra dago, eman behar duzu. Oraingoz, poliki-poliki moldatzen gara lan horietan guztietan.

M.L.:

Harrotasun puntu batekin ere esaten dugu espazio hau musikariek sortua dela, musikarientzat. Orduan, bai, arreta handia jartzen dugu hona etortzen den musikari oro tratatzeko moduan. Ahalik eta baliabide duinenak eskaintzen saiatzen gara, eta, musikariak garenez denok, badago mimo berezi bat programatzen dugun horretan. Izan maila internazionaleko talderen bat guretik pasatzeko moduan dena edo gure eskualdeko talde bat.

M.S.:

Lan polita, baina oso nekagarria.

Eskualdearekin edota Bidasoa ibaiaren arroako jendearekin zer-nolako harremana izan du?
M.S.:

Berarekin behintzat sekulakoa. Gero, Irungo Lakaxitakoekin, Trintxerpeko Mogambokoekin… Hendaiako jendearekin lotura gehiago izatea sumatu dut faltan, The Lookers taldekoekin izan dugu harremana, baina ez askoz ere gehiago.

M.L.:

Guk Psilocyben erreferentzia garbi bat genuen, beti gauzak antolatzen zituzten, hortaz, ibaian behera joanda, Mosku eta Hondarribia erreferente ziren. Beraz, eskualderentzat erreferente izan da Psilocybe.

Urte hauetan guztietan nolakoa izan da erakundeekin izandako harremana?
M.L.:

Bada, hipokrita izango litzateke txarra izan dela esatea. Udaletxearen espazioa da, haiek dira jabeak eta haiek arduratu ziren birmoldaketa gastuez, eta baita mantenuaz ere.

Gainera, esango dut urtero sinatzen dugun hitzarmena berbera izan dela azken hamabost urteetan. Bizitzak gora egin du eta guk ere gure gastuei aurre egiteko eskertuko genuke sostengu gehiago. Hor, kontuan hartu behar da periferian gaudela; hirugarren aldia da esaten dudana. Ez dugu gehiegi molestatzen, ez dugu gehiago molestatu, eta batzuek nahiago izango genuke gehiago molestatu izan bagenu, baina hor beti edukiko dugu elikatzen gaituen eskuari kosk ez egitearen zera. Baina beti izan da debate bat hori, Udaletik erabat at geunden herri mugimendua izan behar ote genuen edota legitimoki baliatu behar ote genituen dagozkigun eskubideak.

M.S.:

Udalean izan den aldaketarekin, akaso, sumatzen da laguntza gehiago daudela gazteentzat, kulturan ere akaso gehixeago ari direla eragiten… Goiz da oraindik, baina nik uste dut Udaleko aldaketa hori sumatuko dela onerako, esperantza hori, behintzat, badaukat.

Hala ere, ni gehiago ari nintzen ea Udala eta herria kezkatzen ote diren Psilocyberen martxaz edota, besterik gabe, musikazaleen bazterreko txoko bat bezala ikusten ote duten soilik.
M.L.:

Gure publikoa gehiago da Gipuzkoa osoa Hondarribia bera bakarrik baino. Euskal Herriko areto sarean gehiago ikusten dugu gure burua erreferente moduan herrian bertan baino.

Nahiko genuke hondarribiar gehiago etorriko balira edota oso kontuan izango balute ematen dugun kultur-zerbitzua. Hori ere argi utzi nahi dugu, guk Udalari lan bat egiten diogu. Hemen, Udalak, militantzia moduan lanean, musu-truk, boluntario pila bat ditu, Hondarribiko eskaintza kulturala elikatzen, kasik asteburu oro.

Eskertuko genuke erraztasun gehiago edukitzea herrian ekimenak antolatzeko. Zaila izan da azken hamarkadan udan-eta herrian gauzak egin ahal izatea, beti aretoa dugun aitzakia horrekin. Udan aretoa geratzeko aprobetxatzen dugu eta udan kalean ekintzak egiteko nahia izaten dugu, oroitarazteko udatiar horiei nora datozen eta abar. Hau ez dela parke turistiko bat, jendea bizi dela eta jende horrek gauzak antolatzen dituela espazio publiko hori erreklamatuz. Horretarako zailtasunak izan ditugu, edo erraztasunak ez behintzat.

Hondarribiarra izan behar al da bertan sartzeko?

M.S.:

Egon dadila hondarribiarren bat tartean.

M.L.

: Gero, egia da jende gutxiago ibili den garaian kanpokoei ahalbidetu zaiela etortzea, baina, orain, berriz ere eskaera handia dagoen heinean, lehentasuna, noski, hondarribiarrek dute, gazteek ahal den neurrian, eta emakumeei modu berezian zabaltzen diegu atea, oraindik ere desoreka handia delako.

Ekainaren 8an, gaur bertan, izango da Psilocybe Taldeen Partia deitu duzuen festa. Egun hauetan etengabeko jarduna izango da lokaletan, ezta?
M.S.:

Bueno, bai, ikusten da mugimendu dezente dagoela. Hala ere, lasai gabiltza; azpiko antolakuntzan bai, hor mugimendu handia dago.

M.L.:

Egia da Whatsapp taldeak sutan daudela ea lokala libre dagoen galdezka, eta batzuk orain haiei tokatzen zaiela esaten eta gero besteak eta… saltsa hori badago. Maialen, gainera, horretan espezialista da, pila bat entseatzen dabiltzanaren seinale.

Arratsaldean hasi eta asko luzatuko den festa izango da.
M.L.:

Arratsaldean hasiko den festa izango da, nahiz eta elkarteko kideok goizetik prestaketa lanetan ibiliko garen eta elkarrekin bazkaltzeko aprobetxatuko dugun.

Bi oholtza edukitzea da nahia, bata aretoko ohikoa, eta bestea lokalen sarreran dagoen lorategi xarmant horretan jarriko duguna. Oholtza hori arratsaldeko orduetan erabiliko dugu eta festa aretoan bukatuko dugu, bizilagunekin ahalik eta ondoen moldatzeko. Oholtzak tartekatzen joango gara, beraz, giro polita aurreikusten dugu.

Udan geldialdia izaten da, baina 2024an izen potolorik ba al dator Psilocybera?
M.L.:

Normalean udan ez dugu programatzen, baina uztailerako The Kill Devil Hills talde australiarra ekartzeko aukera suertatu zaigu, eta hilaren 20an aretoan izango dira. Duela urte batzuk, bospasei, pasa ziren hemendik, eta sekulako kontzertua eman zutenez, abagunea baliatu dugu eta salbuespena egingo dugu uda honetan aretoan.

Bada, gozatu PTPn eta bejondeizuela egiten duzuenagatik.

Mila esker!