P. LEKUONA - A. SIERRA
Elkarrizketa
uma ulazia eta uxue alkorta
Euskal Herriko Gazte Feministak

«Subjektu politikoa zabaldu eta trans eta bollerei zuten estrategikotasuna aitortu zaie»

Euskal Herriko Neska* Gazteak zena Euskal Herriko Gazte Feministak izatera igaro da, prozesu «luze» baten ostean, Ulaziak eta Alkortak NAIZ Irratian atzo azaldu zutenez. «Subjektu politikoa zabaldu» dute disidentziatik borrokatzen dutenak aitortzeko.

(GARA)

Uma Ulazia eta Uxue Alkorta Euskal Herriko Gazte Feministak sareko kideek NAIZ Irratian atzo azaldu zutenez, Euskal Herriko Neska* Gazteak izena alde batera uztearen erabakia prozesu «luze» batetik dator eta «ez da soilik izen aldaketa bat, subjektu politikoaren zabalpen bat da».

Funtsean, urrats honekin «trans pertsonei eta bollerei lehendik zeukaten estrategikotasun hori aitortzen zaie». Hala, pertsona hauen «sarearen parte izateko modua» da aldaketa, azaldu zuen Uxue Alkortak. «Beste modu batean ordezkatuta agertzen dira», gaineratu zuen.

Honekin, beraien ikuspuntutik emakumearen subjektua «ez dela beti estrategikoena» azaleratu nahi dute. Alkortaren hitzetan, «une eta borroka batzuetan balio dezakeen arren, dualismotik sortzen da eta zapalkuntzatik dator».

Uma Ulaziak adierazi zuenez, erabakiak harrera «positiboa» izan du, «erronka berriei heltzeko, patriarkatuaren markoa berrezartzeko, bide eta diskurtso berriak idazteko eta aliantza berriak egiteko» aukera ematen dielako.

«Klase sozial» gisa definitzen dute emakumea edo neska, horrek «gizonentzat dohainik lan egin behar izatea» suposatzen duelako, Alkortak eta Ulaziak esan zutenez.

A30eko greba Beraz, joan den azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren aldarrikapen nagusia eta «subjektu politikoaren problematizazioak» batak bestea «zeharkatzen» duela uste dute.

«Zaintza gatazkaren irakurketa egiteko, posizio konkretu batzuk hartzeko eta borroka erradikaltasun batetik sustatzeko marko oso estrategiko bat ematen digu subjektuaren aldaketak», esan zuen Ulaziak.

Grebaren eta aldaketaren prozesuak «paraleloki» landu dituzten arren, «zuzenean elkar eragiten» dutela uste dute. «Grebako prozesuan zaintzaren auziak nola zeharkatzen gintuen hausnartzeko Baterajotze bat izan genuen. Borrokatzeko tartea hartu genuen eta tokian tokiko eragile feministekin artikulatu ginen greba antolatu ahal izateko», laburbildu zuen Alkortak.

Baterajotzeak 2021ean Elizondon egindako Baterajotzetik dator aldaketa, bertan neska* subjektua eztabaidagai atera zen-eta. Gero, Usurbilgo Baterajotzera eraman zuten «ezinegon» hau, 2023ko urrian. Ulaziak laburbildu zuenez, Baterajotzeak dira sarearen «eztabaidagune nagusia», eta bi urtean behin egiten dira.

Beste helburuetako bat saretzea da. «Sare hori artikulatzeko espazioak ere sortu behar dira», azaldu zuen Uxue Alkortak, «subjektu politikoaz hausnartzeko edo zaintzaz hausnartzeko». Horrela, «sarea indartzea, denak noranzko berean joatea eta iritzi kolektibo bat sortzea» lortzen dute.

Patriarkatua irauli eta sistema berria eraikitzea da sarearen xedea. «Sistema iraultzeko lana nekeza da, luzea eta tarteko garaipen asko dituena», dio Ulaziak. «Horretan ari gara eta ari garen heinean erronka lokalari eta nazionalari erantzuteko gaitasuna izan dugu, mugimendu feminista propio bezala eta sare propio bezala».