Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Jesse Dufton eskalatzaile itsuak Devil’s Tower ikonikoa igo du

Britainiarrak “El Matador” bidea (5.10d, 150 m) aukeratu du jarduera handi hori egiteko. Eskalada osoan sokaburu joan zen, autobabeserako tresneria berak jarri zuen eta eroriko bat izan zuen.

Jesse Dufton, “El Matador” bidearen giltzan.
Jesse Dufton, “El Matador” bidearen giltzan. (@BRITROCKFILMS)

Ez da lehen aldia Jesse Dufton GARAko orrietan agertzen dena. Eta badirudi ez dela azkena izango. Beste behin, paraeskalatzaile honek ahoa bete hortz utzi du mundu guztia. Paraeskalatzailea diogu; izan ere, desgaitasun bat duten eskalatzaileek izen hori hartzen dute. Eta Dufton itsua da.

Bada, 38 urteko britainiar horrek bidaia berezia egin berri du Ameriketako Estatu Batuetan. Hain zuzen ere, Wyoming-en dagoen Devil’s izeneko dorre estetikoan zein ikonikoan izan da. Eta dorre horretan gai izan da “El Matador” ibilbidea (5.10d, 150 m) igotzeko. Ohi den bezala, bere bikotekide Mollyk aseguratu eta informazioa helarazi zion. Nabarmentzekoa da jarduera horretan sokaburu joan zela, autobabeserako tresneria berak jarri zuela eta eroriko bat izan zuela.

Duela bost urte Eskozian dagoen Old Man of Hoy erpina sokaburu eskalatu zuen. Hori egiten lehen itsua izan zen. Igoera horren inguruan egin zen dokumentalak mundu osoan barrena bidaiatu zuen. Hari esker, Duftonen izenak indarra hartu zuen hedabideetako azaletan.

Ondoren sona handiko makina bat eskalada egin ditu, baina azken honek kutsu berezia du. Berriro historia idatzi du, hain zuzen ere Ameriketako Estatu Batuetako marra berezienetako batean: “El Matador”. Duela 57 urte lehen aldiz igo zen teknikoa eta zailtasunean iraunkorra den ibilbide hori. Bidearen giltza bigarren luzean dago. Konpromisoa, erresistentzia… marraren ezaugarri nagusiak dira. Eta, hain justu, Duftonek kudeaketa bikaina egin zuen zailtasun horiek guztiak gainditu ahal izateko. Bikoteak emandako informazioarekin, eskalada klasikoan oinarrituta dagoen marra horretan oso mantso igo zuen; horrela eskatzen dio bere desgaitasunak. Saiatu zen babesteko tresneria ahalik txukunen jartzen, helduleku egokienak bilatzen eta metroak pixkaka gainditzen. Eta azkenean paraeskalatzaile honek “El Matador”-en arrakasta lortu zuen.

Eskoziako jardueraren inguruan grabatu zen dokumentalak aukera eman zigun eskalada horren neurriaz jabetzeko. Azken honetan ere Alastair Lee zinemagilea irudiak hartzen izan da, eta dokumentala Brit Rock Film Tour-en aurkeztuko dute. Momentuz, ondoko irudiekin konformatu beharko dugu, baita inguru hartako Zach Lentsch gidariaren hitzekin ere. Horrela laburbildu du Duftonen eskalada: «Inoiz ikusi dudan ekintza gogoangarriena sinatu du».

Adierazpen horri, eskalatzaile britainiarrak honakoa gehitu dio: «Inoiz ez dut hainbeste lan egin bide batean; “El Matador”-ek egundoko ahalegina eskatu dit. Neure burua eta sasoia erronka handi baten aurrean jarri nahi nituen. Eta horretarako bide hori aukeratu nuen. Aurreikusitakoa baino askoz ere zailagoa izan da. Nire mugara eraman nau. Mollyren lana handia izan da, eta oso eskertuta nago. Dorre horretan arrakasta izateko, ezinbestekoa da bion arteko kolaborazioa. Argi esan nahi dut: nire bizitza Mollyren eskuetan izan da».

Duftonek aurreratu du dorre horren berri duela urte batzuk izan zuela. Catherine Destivelle frantziarrak 1992. urtean bakarka igo zuen “El Matador”, eta haren adierazpenek bultzatu zuten bidaia hori egitera: «Pare bat kontuk arreta eman zidaten. Harkaitzaren egitura izan zen lehena. Dorre horrek dituen zutabeak Britainia Handian dauden Fairhead eta Kilt Rock-ekoak bezalakoak dira. Arroka horietan ondo moldatu naiz. Bigarrena da ibilbideak duen zailtasuna: 5.10d. Hori da nire maila gorena».

LUZE GOGORRENA

“El Matador” igotzeko bertikalak diren zutabe batzuk jarraitu behar dira. Hots, ez da komeni artesien ibilbidetik ateratzea. Eta hori Duftonentzat kezka handia bihurtu zen. Ez omen zuen ibilbide egokiena bilatzeko arazo handirik izan, baina, eskalada gehienetan bezala, heldulekuak aurkitzeko lan eskerga egin behar izan zuen: «Une jakin batetik aurrera, Mollyk soilik animoak bidali zizkidan. Heldulekuen berri ezin zidan eman; izan ere, gutxi daude. Bigarren luzea maratoi bat da, eta badirudi igogailu amaiezin baten zuloa eskalatzen ari zarela. Inoiz igo dudan luze gogorrena eta gogoangarriena izan da. Ez dakit mugimendu zuzenak egin ote nituen. Luze hori gurutze estiloan eskalatzen da. Oinak igo ahal izateko, esku-azpiak behera mugitzen dira. Mollyk txantxetan esan dit egin nuen presioarengatik zutabe horiek orain zabalagoak direla. Hortaz gain, gehitu nahi nuke eskalada estilo horrek asko nekatzen duela: zangosagarrak lehertuta nituen!».

Bestalde, Duftonek beste buruhauste bati aurre egin behar izan zion. Esan dugu bere burua babesteko ohiko tresneria jarri zuela, eta horretan ere lan eskerga egin behar izan zuen. Berez, zutabe horiek artesiak dituzte, eta horietan friend-ak eta fisureroak jartzen dira. Baina bigarren luzearen azken metroetan artesi hori erabat ixten da: «Hortik aurrera ezer jarri gabe jarraitu behar izan nuen. Ez nekien era horretan zenbat metro egin beharko nituen. Itsua naizenez, tresneria hori jartzen oso baldarra naiz; fisurero bat baino gehiago erori ziren. Egoera horrek ez zaitu batere lasaitzen, baina aurrera jarraitu behar nuen. Itsua baldin bazara, den-dena ukipenaren bitartez egiten duzu, eta egoera oso nahasia bihurtzen da».

Lerrootako protagonistak ere beste helburu baten inguruan hitz egin nahi izan du. “El Matador” bistan eskalatzen saiatu zen, baina luze zailenean erorikoa izan zuen. Heldulekuak aurkitzeko arazoak zituenez, bat baino gehiago ez zituen ukitu eta energia asko xahutu zuen: «Bihotzak taupadak oso azkar egin zituen eta ahoa erabat lehor nuen. Mugimendu batzuk egin ondoren, hondamendia heldu zen: oin batek irrist egin eta erorikoa izan nuen. Atsekabetuta nengoen. Une jakin horretan ohartu nintzen eskuineko artesian landare txiki bat zegoela. Jakina, ez nuen ikusi eta ezustean eskuineko oinarekin ukitu nuen. Oraindik triste nago helburu hori lortu ez dudalako».

Egoera horretaz gain, Duftonek beste une nahasi batzuk bizi izan zituen. Bidearen amaieratik gertu zela, friend eta zinta banarekin arazoak izan zituen. Ez zuen asmatu soka ondo jartzen, eta eskalatzaileak berak onartu du une larria igaro zuela. Laugarren luzean ere ia eroriko bat izan zuen: «5.10a maila jartzen diote, eta bi sabai gainditu behar dira. Sekzio hori ondo eskalatu nuen, baina azken metroetan tresneriarekin berriro arazoak izan nituen. Eskerrak ez nuela erorikorik izan!». Amaitzeko, paraeskalatzaileak hausnarketa egin nahi izan du “El Matador”-en inguruan izan duen eskarmentuaz. Pena du bide osoa bistan egin ez duelako, baina, bide batez, oso harro dago eginiko lanarekin. Eta hurrengo eiteari azpimarra egin dio: «Egundoko ardurarekin jardun dut; izan ere, ez nuen minik hartu nahi. Une jakin batzuetan tresneriarekin momentu larriak bizi izan ditut; bizitza jokoan zegoen. Ibilbide hori nire zerrendaren lehenengo postuetan dago, baina zaila da beste batzuekin alderatzea. Old Man of Hoy, Forked Lightning Crack, Illusion Dweller… bistan egin nituen. “El Matador”, aldiz, ez. Baina ez dut inoiz ahaztuko bizi izan dudan eskarmentua».