Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Pertsonak zorteko daude

Gizartearen zati handi batek ez du begi onez ikusten guk irabaziak izatea». Hala dio banku (oso handi) baten publizitate iragarki batek. Ba ote? Egia izatera, zergatik ote? Gaizki-ulerturen bat argitzeko informazioa dela uste dut.

«Zertara bideratzen dugu diru hori? Pertsonengan berrinbertitzen dugu». Diru sarreren ia %60 honetarako erabiltzen dute: 1) Langileen soldatak ordaintzeko, «120.000 pertsona baino gehiago». Keinu polita, langileei ordaintzea. 2) Hornitzaileei ordaintzeko. «Pertsona gehiago». Altruismo erakusgarria, hori ere. 3) Bezeroen balizko ez ordaintzeetarako kreditu horniduretarako; esate baterako, etxegabetzen dituztenen zorra kitatzeko. Balizko bezero horiek ez dira pertsonak, ordea.

Gainerako diru sarrerak, hau da, zergen aurreko mozkina: 1) Ia heren bat sozietateen gaineko zerga da, «gizarte ongizateari egindako ekarpen zuzena». Boluntarioa, nonbait, bankuek ez baitute zertan zergarik ordaindu, baina gizarte ongizateari ekarpena egitearren, nahiago dute ordaindu. 2) «Beste heren bat inguru dira gure ia 800.000 akziodunentzako dibidenduak». Hara, pertsona mordoa, eta nolanahikoak. «Horietako asko», hau bai hunkigarria, «familiak eta aurreztaile txikiak». Beraz, familiak aurreztaile handiak dira, eta aurreztaile txikiak familiarik gabeko ezkongabe edo alargunak. 3) «Azken herena etorkizuneko hazkundean inbertitzen dugu, pertsona eta enpresa gehiagori kreditu berria emateko». Egoerak kreditua mozten duen arte. Egoera ez baita pertsona. Merkatuak ere ez; hala ere, ez dute sentimendu faltarik: beldurra, mesfidantza, tentua...

«Zenbat eta gehiago hazi, orduan eta eragin positibo handiagoa dugu pertsonen bizitzan». Eman lezake ezetz, baina horren eskuzabala izatea ez da atarramentu txarra.