Beñat ZALDUA
IRUÑEA
E9-KO EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

Zeri erreparatu hauteskunde gauean, kanpaina ikusezin baten ondoren?

Iritsi dira Europako hauteskundeak. Ez dago argi gizartearen zati handi batek kanpainaren berri jaso ote duen. Abstentzioa nagusi izanen da, antza, bai Euskal Herrian bai Europako leku askotan, eskuin muturraren igoerak dakarren mehatxua edonolakoa izan ez arren. Giroa hotza izan da oro har, baina hauteskunde gauak eskainiko du zeri begiratu.

EH Bilduko hautagai Pernando Barrena, ostiralean, Gasteizen.
EH Bilduko hautagai Pernando Barrena, ostiralean, Gasteizen. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Ez zait mahaian egotea egokitu!». «Zein mahai?». Elkarrizketa hau erreala da, eta ez da aktualitateari bizkarra emanda bizi den etxe batean gertatu. Europa osoan mehatxua, gaur, eskuin muturraren igoera da, baina Euskal Herrian alderdiek abstentzioa dute aurkari nagusia.

Galdera guztiak baldintzatzen dituen oinarrizko aldagaia da gaurko parte hartzearena. Duela bost urteko zifrak ez dira erreferentzia, ordukoan udal eta foru hauteskundeekin bat egin baitzuen hitzorduak. 2014an, ordea, Europako hauteskundeak bakarrik egin zirenean, parte hartzea %45ean gelditu zen Euskal Herrian. Bost urte lehenago, 2009an, %42an. Eta egungo joera orokorra -ez bakarrik hemen- parte hartzearen jaitsiera da. Ikusteko dago apirilean EAEn hauteskunde batzuk egin izanak botoa apur bat mobilizatzeko balio izan duen edo, alderantziz, jendea gogaitzeko. Gaur gauean begiratu behar den lehenengo zifra, honenbestez, parte hartzearena da.

Nori egin diezaioke mesede eta nori kalte abstentzio altu batek? Teoriak dio hautesle fidel eta mobilizatuak dituenaren alde egiten duela beti parte hartze txiki batek, eta babes aldakorragoa daukana izaten dela kaltetuena. Gero, errealitatean, arau honek ñabardurak ditu beti, abstentzioa ez delako modu berean banatzen herri eta herrialde guztietan, eta bakoitzean ondorio desberdinak eduki ditzakeelako.

Edonola, suposatzen da EH Bilduk daukala gaur egun oinarri sendo eta mobilizatuena, horregatik jarri du Pernando Barrena hautagaiak erronka bezala lehenengo indarra izatea Hego Euskal Herriko lau herrialdetan. EAJk arazo gehiago ditu azkenaldian bere hautesleekin. Apirilaren 21ean Bizkaiak salbatu zion hitzordua, EH Bilduren garaipenaren beldurrak mobilizatu baitzituen hautesleak. Orain, ordea, ez da Gasteizko Legebiltzarra jokoan dagoena, eta beldurraren diskurtsoari hankak motz geratu ahal zaizkio.

KANPAINA APALA

Urduritasunaren itzala igarri egin da jeltzaleen kanpainan, bereziki CIS espainiarrak birritan europarlamentaria kolokan jarri eta gero. Joxe Felix Tezanosen sukaldeaz harago, ordea, kataklismo batek soilik utzi dezake eserlekurik gabe Izaskun Bilbaoren lekukoa hartu nahi duen Oihane Agirregoitia.

Estatu espainolak 61 ordezkari bidaliko ditu oraingoan Brusela eta Estrasburgora, azken legealdi honetan baino bi gehiago. Horrek eta parte hartze apalak «merke» utziko dute, ziurrenik, europarlamentari akta. Bada, haatik, EAJk EAEn inoiz gurutzatu ez duen muga psikologiko bat: 200.000 botoena. 1977tik atzo arte, 61 hauteskunde egin dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta jeltzaleek inoiz ez dituzte atera 200.000 boto baino gutxiago, 2009ko eta 2014ko Europako hauteskundeetan hurbil egon ziren arren -208.000 botoen bueltan ibili ziren bietan-.

Ez dago garbi Andoni Ortuzarrek urte bukaeran alderdiaren gidaritza utziko duen edo ez, baina emaitza kaskar batzuk, nahiz eta eserlekua lortu, ez lirateke agur txukunena izanen. Agian horregatik, bera izan da Euskal Herriko kanpaina berotzen saiatu den bakarra, modu zakar eta tarteka iraingarrian.

EH Bilduk, ordea, ez du amua irentsi. Kanpaina apala egin du, hautesleria berez desmobilizatu batek emaitza onak bermatuko dizkiolakoan. Logika politikoak hala gertatu daitekeela dio, baina ikusteko dago kanpaina giroa zero gradu azpitik mantentzeak emaitzak emanen dituen.

Bestalde, bai EH Bilduk, bai PSOEk, bai ezker espainolak -eta tarteka EAJk, ekidistantzia bilatu badu ere-, eskuin muturraren igoeraren mehatxua hartu dute kanpainaren ardatz ia bakar bezala. Kanpaina-mezu antzeko eta errepikakorrak izan dira, sarritan. Denek errepikatu dute eurak direla ultren gorakadaren aurkako antidoto onena.

Podemos izan da, akaso, Estatu espainolean kanpaina indartsuena egin duena. Normala, azken finean, hauteskunde hauek hil ala bizikotzat dituen alderdi bakarra da. Pablo Iglesias Euskal Herrian ibili da, boto arrantzan, EAEn bi hauteskunde jarraian irabazi zituela gogoratuta -2015 eta 2016ko Kongresukoak-. Ikusteko dago PSOEk eta PPk Sanchezen inguruko plebiszitu gisa aurkeztu duten hitzorduak nolako arrakala uzten dion Irene Monterori. Duela hamarkada bat Europako hauteskundeetan bere burua ezagutzera eman zuen alderdiak gaur dauka bigarren bizitza bat abiatzeko azken aukera.

PPrentzat ere garrantzia daukate hauteskundeek. PSOEri ez irabaztea ez den edozer porrota litzateke Alberto Nuñez Feijoorentzat, eta horregatik jarri dute begia Nafarroan, UPNk umezurtz utzitako hautesleak bilatuz. Feijoo bera egon zen kanpainan, eta Jose Maria Aznarrek itxi zuen azken mitina Iruñean. Esparza eta Ibarrolaren botoak PPren, Voxen eta abstentzioaren artean nola banatzen diren ikustea interesgarria izanen da.

Nafarroatik atera gabe, era berean, gaur gauean Geroa Baik Oihane Agirregoitiari egingo dion ekarpena neurtu beharko da. 2014an EAJ bakarrik aurkeztu zen Nafarroan, eta 5.510 boto eskuratu zituen. Orain, ostera, koalizio osoak eman dio babesa CEUS hautagaitzari. Asko aldatuko ditu horrek duela hamarkada bateko emaitzak? Ikusiko dugu, kanpaina ia ikusezina izan da herrialdean.

UHARTEA IZATEN JARRAITUKO DU IPAR EUSKAL HERRIAK?

Argazki partziala eskainiko dute emaitzek Ipar Euskal Herrian, azken urteetan dinamismo handia erakutsi duen EH Baik ez baitu ez hautagaitzarik aurkeztu, ezta beste zerrendarik babestu ere. EAJ-PNBk Écologie Positive et Territoires koalizioan parte hartuko du -Jean Tellechea hirugarren postuan doa-, eta EAk Europe, Territoires, Écologie hautagaitza babestu du. Hala ere, inork ez du espero arrakasta handirik gaur gauean.

Estatu frantsesean Marine Le Pen buru eta Jordan Bardella hautagai duen Rassemblement National (NR) alderdiaren garaipen argia espero da. Ikusteko dago zer neurritaraino jarraitzen duen Ipar Euskal Herriak uharte bat izaten.