GARA
DONOSTIA
Elkarrizketa
PATXIKU IRISARRI
Nafarroako EHNEko idazkaria

«NPB bertan behera utzi behar da, ustiategi familiarrak indartzeko»

60 urte dituen Nekazaritza Politika Bateratuaren gabeziak eta zailtasunak nekazari eta abeltzainen salaketa nagusien artean daude. Nafarroako EHNEko idazkaria den Patxiku Irisarriren hitzetan, 2027ra begira -araua aldatzeko momentua izango dena-, eredu hori «bertan behera utzi» behar da, ustiategi familiarrak indartzeko.

Patxiku Irisarri Nafarroako EHNE sindikatuaren idazkaria da. NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketa batean argi utzi zuen Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) «bertan behera utzi» behar dela berria egitea aurreikusten den urtean, 2027an eta diruaren banaketa «beste modu batean» egin, ustiategi familiarrak bultzatzeko.

Burokraziak dakarren lan-karga, eskubide historikoetan oinarritutako dirulaguntzak jasotzeko irizpideak eta, funtsean, «bat ere argia» ez den sistema dira EHNEko idazkari honek aipatutako gabezietako batzuk.

Arazo nagusiena eskubide historikoetan oinarritzean datza, Irisarriren ustez. Azaldu zuenez, honen arabera, zenbat eta hektarea gehiago izan, orduan eta eskubide gehiago izango ditu nekazariak. Hala ere, «gaur egun ezin da esan zuk nekazaritza sektorean sartu eta zenbat dirulaguntza izango dituzun», dio Irisarrik, hektarea bakoitzak duen balioa eskualdez eskualde aldatzen delako.

Gaurko legearekin Estatu espainola 20 eskualdetan banatuta dago. «Modu intentsiboan ari diren batzuk ari dira lurrak erosten, edo beste kasu batzuetan, alokatzen. Eta lurra erosten den bezala eskubideak ere erosi egiten dira. Beraz, hor dirua duena ari da gero eta gehiago erosten, eta horrek erran nahi du urtetik urtera gehiago kobratzen ari dela Nekazaritza Politika Bateratu horrekin», aipatu zuen Patxiku Irisarrik, azaldutakoa bezalako kasuak «Nafarroan bertan» gertatzen ari direla esanez.

Eskubideak lursailak alokatuz ere lortu daitezke, baina hektareak banatzeko orduan zailtasunak datoz. Patxiku Irisarrik azaldu zuen Udal bakoitzak sailak banatzeko duen irizpideen araberakoa dela. «Batzuek argi daukate, nekazari gazteren bat baldin bada, berak duela lehentasuna lur komun horietako zati bat izateko, eta beste batzuek, lur aski baldun badute, zenbat lur behar duen galdetzen diote nekazariari», adierazi zuen.

Urteko lan unitateari dagokionez, Irisarrik azaldutakoaren arabera, abeltzaintzan abelburuka kalkulatzen da eta ortugintzan hektareaka, baina negutegiak izatekotan, «diferentea da». Gainera, jardueraren dibertsifikazioa gero eta ezohikoagoa da, duela 30 urte nagusi zen arren. «Espezializatzen» ari bada ere, «hemengo baserriek dibertsifikazioagatik egin dute aurrera», dio Nafarroako EHNEko idazkariak.

Beste zailtasunetako bat «paperak betetzea», alegia, burokrazia lana da. Patxiku Irisarrik dioenez, nekazarien lanaren %10 da burokrazia, etxetik kanpo egiten dituzten hamabi orduez aparte doana. Gainera, egunez egun «zenbat nitrogeno botatzen duzun, zenbat fitosanitario eta zer lurretan» kontrolatu behar da. «Horrek buruhausteak ekartzen ditu».

Ekologikoa bai, baina preziotik hasita Familia ustiategi horiek aurrera egin dezaten negozioaren bideragarritasuna ekologikoa ekoiztea bada ere, lehentasuna prezioak dira Irisarrirentzat. «Gure aldarrikapen nagusia prezio duinak eta justuak izatea da», laburbildu zuen abeltzaina ere den Irisarrik.

«Ekologikoan arituta edo ez, errentagarritasuna lortuko duzu, zikloa osoa ixten baduzu, alegia, ekoitzi, kasu batzuetan transformazioa egin eta gero salmenta egin. Horrek lan gehiago ekartzen du, baina tartean ez dugu inolako bitartekaririk. Hortik etor daiteke errentagarritasuna», ohartarazi zuen.

Hobekien ordaintzen den ekoizpena zein den ez dakiela aitortu zuen. «Jakin behar da bakoitzak zer nolako kostuak dituen», esan zuen. «Gure sektorean ere prezio justuak lortzeko mugitzen gara, eta mugimendu horren poderioz etortzen da prezioak eta industria bera ere mugiaraztea», gaineratu zuen.