IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA

Suari begira jarri gaitu Soa talde mutrikuarrak bere estreinako lanarekin

‘‘Suari so’’ deitzen da Soa metal boskote mutrikuarraren lehendabiziko diskoa. Hamaika kantu ditu, tartean Itoiz taldearen ‘‘Hilzori I’’ kantuaren moldaketa. Jagoba Urrutia, Aitzol Collazo, Aitor Sagarmendi, Jon Joseba Azpiazu eta Ibon Aginaga dira taldea osatzen duten kideak. NAIZ Irratian aurkeztu dute estreinako lana.

Soa metal boskote mutrikuarraren lehen lana da «Suari so».
Soa metal boskote mutrikuarraren lehen lana da «Suari so». (BEGIPUNTUAN)

Metal munduan disko dezente ateratzen dira urtero-urtero Euskal Herrian. Garai batean publiko orokorrago batengana iristen zen musika izanagatik ere, emaria ez da gehiegi gutxitu azken urteetan, publiko fidela baitu metalaren munduak. Mutrikun hasi eta Euskal Herrira zabaldu zen Kraussk taldean aritutako kide batzuetatik abiatu zen Soa taldea 2022an.

11 kantuz osatutako diskoa kaleratu dute. Adin tarte zabala hartzen duen taldea dira, batzuk besteak baino esperientzia gehiago dutenak dira, eta proiektu desberdinetan ibilitakoak. Indarra da nagusi haien musikan, metalaren pisua eta abiadura, potentzia dosi handi batekin. Mutrikuko AME estudioan Axular Arizmendirekin grabatu dute.

‘‘(I)Hesi’’ kantua da diskoa irekitzen duen kantua. Pasarte erritmiko eta melodikoak partekatzen dituzte migrazioaren gaiari helduta. Gai sozialak landu dituzte nagusiki hitzetan, ‘‘Zapalduen matxinada’’ abestian aipatzen duenari zentzua emanez disko guztian. «zapaltzaileak ez baitu zapaldua ikusten», Soakoek diotenez.

Estudioko lana nahasketan eta ondorengoetan nabaritzen da ‘‘Paralisia’’ kantuan, filtroekin eta bestelako efektuekin jolas dezente egin baitute. ‘‘Lerde pozoia’’ kantuan, berriz, klasikoagoa den intro bat osatu dute, gitarretan ere metal klasikora gerturatzen diren soinuak emanez. Dinamika asko, matxismoaren gaitza salatzen duen abesti indartsu batean.

Oso nota baxuetan hasi eta afinazio lodi-lodia horretarako baliatzen dute ‘‘Ase ezin’’ abesti metaforikoan. Mezu argirik ez eta irakurketa asko izan ditzake. Pixkanaka epikotasuna hartzen joaten dira gitarrek gora eta gora egiten duten abestian.

‘‘Enbata’’ kantuari sarrera egiteko bidea ematen du, sonikoki horixe baita abestia, enbata bat, ekaitza, bukaeran baretzen den arren. Itsasertzean askotan harrapatzen gaituen egoera baten soinu-banda izan liteke.

GERRA HOTSAK DISKOAN

36ko Gerrako pasarte bat baliatuta, sistemari kritika zorrotz egiten diote Soa taldekoek diskoari izena ematen dion ‘‘Suari so’’ abestian. Berriz ere pasarte epikoak ditu, oso melodikoak, baina indarra eta amorrua nabariak dira, kantuak sekulako abiada hartzen du-eta.

Baina metal disko batek ezin du gitarra solo ederrik gabe bukatu, eta nabarmenena zortzigarren abestian sartu dute Soakoek. ‘‘Gortuak’’ kantuan etorri da solo hori, musika industriaren kritika gordetzen duen abestian.

Gerrari buruz eta gotorlekuen inguruan hitz egiten dute azken bi kantuetan, ‘‘Odolaren hierarkia’’ eta ‘‘Hitzen gotorlekua’’ kantuetan. Azken honetan, gainera, zubererazko pasarte bat ere gorde dute. Diskoa ixteko, beste talde mutrikuar baten, Itoizen, ‘‘Hilzori I’’ kantuaren moldaketa egin dute.

Zea Mays taldeak garaian ‘‘Hilzori II’’ moldatu zuenez, Itoizek bi kantuen bertsio metaleroagoak eskuratu ditu honekin.

BIDEOKLIP INDARTSUA

Maiatzaren 1arekin batera atera zuten ‘‘Zapalduen matxinada’’ kantuaren bideoklipa. Egun seinalatuan, langileen nazioarteko egunean erakutsi zuten Aritz Larreak, Begipuntuanek, egindako bideoklipa, MRK-ko entsegu geletan grabatua. Musikaren adinako indarra dute irudiek, mezuari are eta zentzu gehiago emanez.

NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan ziren diskoa aurkezten, eta zuzeneko gehiagoren zain daude orain, lehen aurkezpen emanaldia Etxebarriko Elizperock jaialdian egin eta gero.