Amaia U. LASAGABASTER
BILBO
FUTBOLA

Hiru txapeldunen azken dantzak historia zuri-gorriaren atal bat itxiko du

San Mamesek denboraldiko azken partida hartuko du igandean. Athleticek garaipena eta bosgarren postua jokoan izango ditu Sevillaren kontra, baina Garazi Muruaren, Yulema Corresen eta Eunate Arraizaren agurra izango da protagonista nagusia.

Eunate Arraiza, Yulema Corres eta Garazi Murua, San Mamesen.
Eunate Arraiza, Yulema Corres eta Garazi Murua, San Mamesen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Amaiezina izaten ari da Liga Fko denboraldia, eta horrela onartzen dute protagonistek beraiek, batez ere haien helburua garaiz lortu duten taldeentzat edo, justu alderantziz, nahi baino lehenago amore eman behar izan dutenentzat. Jokalari guztiek oporrak dituzte buruan, baina, bainujantzia maletan sartu aurretik, familia zuri-gorriak saihestu ezin duen hitzordua hartuko du San Mamesek igandean.

Athleticek garaipena eta bosgarren postua jokoan izango ditu Sevillaren kontrako norgehiagokan, baina, batez ere, Garazi Muruaren, Yulema Corresen eta Eunate Arraizaren agurra izango da protagonista nagusia. Botak eskegiko dituzte aurreko biek eta Lezama utziko du nafarrak. Hiruren kasuan, igandekoa kamiseta zuri-gorriarekin jokatzen duten azken partida izango da. Eta horrek Athleticen historiaren atal bat itxiko du, haien joatearekin Maddi Torre izango baita taldean jarraituko duen azken Athletic txapelduneko futbolari bakarra. Gaztea izanik, donostiarrak 2015/16 denboraldi hartan minutu gutxi batzuk jokatu zituen, filialaren dortsalarekin, eta ondoren beste hiru taldetan jokatu zuen Bilbora itzuli aurretik; aitzitik, Garazi, Yulema eta Eunate urte hauetan guztietan, Lezaman jarraitzeaz gain, azken Liga irabazi zuen talde haren bizkarrezurraren funtsezko partea izan ziren. Izan ere, Vanesa Gimbertekin eta Iraia Iturregirekin batera, minutu gehien jokatu zituzten zelaiko jokalariak izan ziren hirurak. Lesioek kasu batzuetan, belaunaldi berrien bultzadak besteetan, bizilegeak azken finean, haien agurra ekarri du eta, ondorioz, historiaren atal baten amaiera.

Hirurek parte hartu zuten atzo Athleticek San Mamesen hedabideekin antolatutako topaketan. Eta hirurek bat egin zuten, aipatuz agur esateko imajina lezaketen eszenatoki onena dela zelai zuri-gorria. «Igandea iristeko irrikaz nago, nire familiarekin agur esateko, lagunekin, zale guztiekin..., ziur bainago asko etorriko direla, beti babestu gaituztelako. Gogoz itxarongo diegu, eta hemen agurtzeko aukera izatearen pozez», aitortu zuen Yulemak Corresek.

Eunate Arraizak ez daki, edo behintzat ez zuen aurreratu, omenaldia jasoko ote duten. Baina, «gustatuko» litzaioken arren, «garrantzia hemen egon naizen hamabi urteei» eman zien. «Pentsatzen nuen guztia eta imajinatu ezin nituen ametsak ere lortu ditut denbora honetan». Igandean dena ematen saiatuko da, «beti egin dudan bezala; eta berdegunetik agur esan badezaket, askoz hobe».

«Urduri» dagoela aitortu zuen Garazi Muruak, agurra baino, debuta izango balitz bezala. «Gainera denbora luzea eman dut jokatu barik -gogoratu zuen-. Aste oso hunkigarria izan da. Frenetikoa baina ederra. Oso eskertuta nago jasotzen ari naizen maitasun eta aitorpen mezu guztiengatik. Urduri nago partidagatik, San Mamesen, agurra, emozio asko gorputzean... Batez ere, gogotsu nago, denboraldia garaipen batekin amaitzeko, bosgarren postura heltzeko, eta karreraren amaiera gozatzeko eta ospatzeko. Egia esan, amaiera bikaina da».

BETIRAKO UNEA

Balantzeak egiteko egokia den egoera honetan, hiru futbolariak bat datoz Athleticen bizi duten unerik onena aukeratzeko orduan. «Inolako zalantzarik gabe, Liga eta Bilbon egin genuen ospakizuna», erantzun zuen Eunatek. «Ez dago zalantzarik. Liga ederra izan zen, oso gogorra eta oso esperotakoa eta desiratua -gaineratu zuen Muruak-. Gogoan ditut orduko beteranoak, bederatzi urte zeramatzatela gogor lanean eta eztia ezpainetan. Balentria bat izan zen eta ospakizuna maila berekoa izan zen».

Liga asko aldatu da urte hauetan, baina horrelako uneak errepikatzeko aukera ikusten dute txapeldun zuri-gorriek. «Etorkizuna bermatuta dago -esan zuen gasteiztarrak-. Urte asko dira lana oso ondo egiten. Lezaman lan handia egiten da eta emaitzak ikusten ari dira. Gainera, Davidek zein tekla jo asmatu du, ekarri duen jokoa oso-oso ondo etorri zaigu. Eta zelaian egiten den lana islatzea eragiten du horrek». «Tituluak oso zailak» direla onartu arren, Garazi Muruak «talentua eta amets egiteko dohainak» ikusten dizkio taldeari. «Denboraldi ona egin dugu eta futbol ona jokatu dugu. Taldeak hazteko tartea du oraindik. Jokalari oso gazteak dira, eta titulu bat lortzearekin amets egin behar dela uste dut».

Eunate ere baikorra da, eta hain «onak» ikusten ditu gazteak, ez baitaki «legaturen bat utzi diezaiekegun. Zerbait uztekotan, lana utzi dugu, eta hori da beraiek orain egin behar dutena, lan egin bidea zabaltzen jarraitzeko».