Peli LEKUONA
DONOSTIA

Izagirre: «Diskurtsoa moldatu du Gobernuak, baina egiteko moduak ez»

Juan Karlos Izagirre.
Juan Karlos Izagirre. (Gorka RUBIO | FOKU)

Turismoa, etxebizitza eta mugikortasuna dira Donostiak dituen arazo larrienak, EH Bilduren ustez. Egungo Udal Gobernuak hauen inguruko diskurtsoak «egokitu» baditu ere, aldaketarik ez du gauzatu, Juan Karlos Izagirre koalizio abertzaleren bozeramailearen iritziz.

EAJk eta PSEk osatzen duten Donostiako Udal Gobernuak urtebete egin duen aitzakiaz, Juan Karlos Izagirre NAIZ Irratian izan zen, atzo, bere balorazioa egiten. Aitortu zuen «etsipen puntu bat» duela, Eneko Goia alkateak zuzentzen duen gobernu taldeak «azaleko zenbait aldaketa» besterik ez duelako egin, eta egin dituen horiek EH Bilduren eta gainerako «oposizioaren bultzadari» esker egin ditu.

Hala eta guztiz ere, egungo Udal Gobernua «interes pribatuen mesederako hiri eredua» bultzatzen ari da, alkate ohiaren ustez. Ondorioz, «gero eta garestiagoa da Donostian bizitzea», baieztatu zuen. «Turismoaren hazkunde basatia» gehien pairatu duten auzoetan, gainera, gentrifikazioa nabarmena dela esan zuen. «Herritar horiek periferiako beste auzo batzuetara edo inguruko herrietara joan dira. Hazten ari dira Astigarraga, Orereta edo Hernani, horren ondorioz. Efektu hori ukatzea errealitate bat ezkutatu nahi izatea da, eta horrela ez dira arazoak konpontzen», adierazi zuen Izagirrek. «Ez dago ahalegin seriorik gauzak beste modu batera egiteko», salatu zuen EH Bilduko bozeramaileak.

Zehaztu zuen etxebizitzaren garestitzea konpontzeko badaudela legezko tresnak, baina «ez dira aplikatu nahi». Lege horiek aukera ematen dute, adibidez, etxe hutsak kuantifikatzeko eta merkaturatzeko, baina EAJk ez du horrelakorik egin, Izagirrek ohiak gogoratu zuenez. «Etxe hutsen zerrenda ere ez du sortu», gaineratu zuen.

Bestalde, berretsi zuen Madrilen onartutako Etxebizitzaren Legeak aukera ematen duela Donostia hiri tentsionatu gisa izendatu eta, horren bidez, alokairuen prezioak mugatzeko. Baina horretarako borondaterik ez dela egon gaitzetsi zuen.

GOBERNANTZA

Eneko Goiaren gobernantza ereduarekin kritiko agertu zen Izagirre, eta ohartarazi zuen bulegoetatik harago hartu behar direla hiritarrengan eragina duten erabakiak. Izan ere, «donostiarrak konturatzen dira beraiei galdetu gabe erabaki asko hartzen direla», esan zuen.