GARA
DONOSTIA

100.000 odol-emate behar dira urtero EAEn autosufizientzia lortzeko

Transfusio eta Giza Ehunen Zentroaren lantokia.
Transfusio eta Giza Ehunen Zentroaren lantokia. (IREKIA)

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak urtero 100.000 odol-emate lortu behar ditu gutxienez autosufizientzia erdiesteko, 70.000 odol-emate arrunt eta ia 30.000 plasma-emate, hain zuzen ere. Zentroa honek kudeatzen eta koordinatzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako odola eta hemoderibatuak emateari eta transfusioei lotutako guztia, eta bere helburua da EAEk lortzea behar duen hornidura osoa.

Bada, atzo ospatu zen Odol emailearen Nazioarteko Egunaren harira, Osakidetzak aditzera eman zuenez, helburu hori lortzeko, egunean 400 dohaintza baino gehiago behar dira. Gainera, kontuan izan behar da urtean 8.000 emaile berri behar direla, egungo emate kopuruari eusteko. Ildo horretan, gogoratu zuten udan garrantzia berezia duela odola emateak, batetik, emate kopuruak behera egiten duelako, eta bestetik, trafiko istripuak ugaritzen direlako.

JASOTZEKO GUNEAK

Emate guztiak jasotzeko hamar unitate mugikor baliatzen dituzte, eta EAE osoan ibiltzen dira. Eta hiru lurralde hauetako odol-emateak jasotzeko gune finkoak ere badaude.

Estrategiaren elementu nagusietako bat da emaileei aldizka odola ematera joateko dei egitea, eta Osakidetzak elementu hori indartzen du udan, hemoderibatuen stockak betetzeko eta udako sasoiari lasaitasun pixka batekin aurre egin ahal izateko.

Bestalde, plasma ematea lehentasun estrategikoa da Osakidetzarentzat. Horregatik, donazio horiek errazteko eta sustatzeko, duela gutxi odol emaileen aplikazio mugikorra berritu da, eta atal berri bat ezarri da emaileek plasma emateko gunean hitzordua erreserbatu ahal izateko.