Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Marrazkiak

Okupazio armadak lurrarekin berdindu zuen Maisara Barouden Gazako estudioa duela hilabete batzuk. Irakurle gisa lan egiten zuen unibertsitateak patu bera jasan zuen handik gutxira. Baroudek eta bere familiak hamar aldiz bizilekuz aldatu behar izan dute iazko urritik hona, eta une honetan beste 25 pertsonekin batera bizi dira Rafahn. «Gerra makineriak nire hiri txikiaren ezaugarriak desitxuratu ditu eta okupazioak gauza eder guztiak suntsitu ditu. Memorian iltzatuta dauzkadan gauza guztiak hondakinen azpian daude orain, birrinduta», azaltzen du artistak.

Denbora honetan guztian Baroudek ez dio marrazteari utzi. Egunero marrazki bat sortzen du zuri-beltzean eta gizarte sareen bidez zabaltzen du. Errutina bat bihurtu zaio batere ohikoa ez den egoera batean. Gauza bat da Israel burutzen ari den sarraskien irudiak ikustea; arras bestelakoa da indarkeria hori guztia pairatzea.

Hainbat modutara azaldu daitezke Barouden marrazkiak: palestinarren genozidioaren kronika, Gazan gertatzen ari dena munduari erakusteko baliabidea, une batez heriotza gainditzeko modua, okupazioak ezarritako mugak ukatu eta aurre egiteko bitartekoa. Artistarentzat komunikatu ezin zaien horiei, Gazan bertan zein atzerrian desplazatuta dauden familia zein aberkideei, oraindik bizirik dagoela jakinarazteko modua ere bada.