GARA
TXIRRINDULARITZA

Bilbao, Aranburu eta Usoa Ostolaza, egun berean garaile

Bahraineko gernikarra bigarren ipini da Eslovenian, Movistarreko ezkiotarra Belgikan irabazita hirugarren da, eta zarauztarra lider ipini da Pirinioetan.

Aranburu eta Ostolaza, garaile.
Aranburu eta Ostolaza, garaile. (David PINTENS | AFP - SPRINT CYCLING)

Inoiz ez edo oso gutxitan ikusten den larunbat horietako bat bizi genuen atzo. Hiru txirrindulari euskaldunek irabazi zuten etapa bat atzokoan, eta a zer nolako garaipenak! Esloveniako Tourreko laugarren etapan, Pello Bilbao bizkaitarrak (Bahrain) sekulako erakustaldia eman zuen azken metroetan irabazteko; Belgikako Tourrean Alex Aranburu gipuzkoarrak (Movistar Team) duela bi urtetik bilatzen zuen garaipena lortu zuen, etapa erreginan; eta Pirinioetako Tourrean, Usoa Ostolaza gipuzkoarra (Laboral Kutxa) azkarrena izan zen Aubisqueko etapan lider jartzeko.

Ordenan hasiz, Pello Bilbao gernikarrak ondo landutako eta kontrolatutako etapa irabazi zuen Esloveniako laugarren etapan. Abilezia erakutsi zuen azken metroetan ihes egiteko, eta lehen mailako Krvavec mendatean kolpea eman zien aurkariei. Gaur justu urtebete betetzen da Gino Mader taldekidea zendu zela, eta berari eskaini zion.

Atzetik Paul Double (Polti-Kometa) eta Giovanni Aleotti liderra (Bora) helmugaratu ziren. Gaur azken etapa korrituko da eta Pello Bilbaok, sailkapen nagusian bigarrenak, 12 segundora du liderra.

ARANBURU, BELGIKAN

Euskaldunen festak Belgikan jarraitu du. Bertan Alex Aranburuk eguneko beste garaipena lortu du, etapa erreginan gainera. Duela bi urte irabazi zuen azkeneko aldiz, eta Ezkiokoak indarrez ospatu du esprintean irabazterakoan. Sailkapen nagusian hirugarren ipini da, Wærenskjold liderrarengandik sei segundora besterik ez.

OSTOLAZA, PIRINIOETAN

Azkenik, Usoa Ostolaza Pirinioetako Tourrean lider ipini zen, Aubisquen erakustaldia emanda. Igoera bikaina burutu zuen zarauztarrak, 16,8 kilometro %7,1era. Valentina Cavallar (ARK) harrapatu zuen lau kilometroren faltan, eta atzean utzi zuen bi kilometrora. Laino artean, Laboral Kutxako txirrindulariak erakustaldia amaitu zuen eta besoak altxatu zituen 1.700 metroko altueran, UCIren lehen garaipena eskuratuz. Gainera, Yurani Blanco taldekidea hirugarren izan zen, jardunaldia biribilduz.