EDITORIALA

Euskal hezkuntzaren erronka askotarikoak

Euskarak, jaiak eta elkartasunak bat egin zuten eguzkiarekin atzo Olarizuko zelaietan, Araba Euskaraz ospakizunean. Euskal Herriko bazter guztietako herritarrak biltzen dira ikastolen elkarretaratzeetara, euskal hezkuntza komunitate horren jaia ospatzeko eta elkarri sostengua emateko. Atzo, “Mugaezin” lelopean, Oiongo San Bizente Ikastolari laguntzeko baliatu zuten topaketa eta, jai egun ederrarekin uztartuta, mezu nagusi bat zabaldu zuten: EAEko Hezkuntza Legea «berandu baino lehen» eta elkarlanean garatu beharra dagoela.

Elkarlanean hasi zen lege horren proiektua eta adostasun maila handia lortu zuen, Gasteizko Parlamentuko indarren %90etik gorakoa. Azkenean, baina, gehiengoz bai baina adostasun zabal hartatik eta hezkuntza komunitatearekiko elkarlanetik urrun gertatu zen haren onarpena. Kontsentsua, Gobernuko bazkideen erabakia bihurtuta, edo bazkideetako baten erabakia behintzat. Aurreko legeak ez zituen bere helburuak betetzen, besteak beste, euskalduntzeari dagokionez; hiru ereduen sistemak huts egin zuen, ikasleek ez baitzuten hizkuntza gaitasun maila egokia lortzen. Hala ere, lege berriak ereduen sistemari eutsi zion azken momentuan. Gehiengoa duten artean besterekin ezer adostu beharrik ez dutela uste balute bezala. Beharrik ez dute. Eta nahia? Edonola ere, atzo ikastolek eskatu zuten elkarlana desiragarria ez ezik beharrezkoa ere bada, ikastolekin, hezkuntza komunitate osoarekin eta eragile politiko eta sozial guztiekin.

Euskal Herrian ez dago Hezkuntza Lege bakarra, ordea, eta ikastolak ez dira EAEko proiektua bakarrik, zazpi lurraldeetakoa baizik. Euskal Herriko ikastetxeetan ez dago euskal curriculum propiorik, bertako administrazioak zuzenean nahiz zeharka beste administrazio batzuen mende baitaude, eta erronkak ez baitira berdinak lurralde eta eskualde guztietan. Larunbatean Ikastolen zazpigarren Batzarra egingo dute Iruñean, batez ere etorkizunari begirakoa. Erronkak ez dira toki guztietan berdinak, inon ez txikiak, inoiz ez dira txikiak izan, baina erronka handiak gainditu direla jakinda, esperantza eta kemen handiagorekin eusteko motiboa badago.