Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altuna txapeldunak garaipenak eta txaloak pilatzen jarraitzen du

Amezketarrak gidatutako Oiz taldeak jokatuko du Bizkaia Torneoko finala abuztuaren 20an, Ezkurdiak ere lau eta erdiko dema eskuratu zuen eta.

Bideotekan gordetzeko bi paretakoa jo zuen Altunak Mallabian.
Bideotekan gordetzeko bi paretakoa jo zuen Altunak Mallabian. (Oskar_MATXIN_EDESA | FOKU)

Jokoetara jokatze hau ez du batere gustuko, ostiral gauean jokatuta lepoko minez joan omen zen atzo Mallabira, parean iazko Binakako txapelketako txapeldunak zituen, baina Jokin Altunak berera jarraitzen du; garaipenak eta txaloak pilatzen joaten den frontoi bakoitzean. Garaipena erabakigarria izan zen gidatzen duen Oiz taldeak abuztuaren 20an Bizkaia torneoko finala joka dezan -aurretik Joseba Ezkurdiak kaiolakoa irabazia zuen-, eta ondo baino hobeto merezitakoak izan ziren hirugarren jokoko 3-4koan jasotako txaloak, uda guztian izango dugun partida uholdean nekez ikusiko dugulako bi paretako hoberik.

Zabaletik, oinak ia sakeko arrastoan zituela, gurpilik gabe, lege zaharrean, bideotekan gordetzeko pilotakada jo zuen Amezketako aztiak, angelua ezin hobeto topatu eta, Elordi ez ezik, haren herriko pilotalekuan ziren pilotazale guztiak erabat ezustean harrapatuz. Edertasunaz harago, berebiziko garrantzia izan zuen tantoa izan zen, une kritikoan lortua, eta binakako partida bosgarren jokora joatea ekiditen lagundu zuena. Azkenerako, amezketarrak eta behetik gora egin zuen Rezusta batek lau jokotan (4-6, 6-4, 6-2 eta 6-5) atera zuten aurrera euren partida gorabeheratsua.

Hobeto, freskoago, ekin zioten udatik bueltan jokatu zuten lehen partidari Elordi eta Zabaletak. Etxarrendarra atzean nagusitu eta etxean aritu zen Elordi ere eraginkor aritu zen errematean, eta erraz xamar eraman zuten lehen jokoa. Jokin Altunari, aldiz, kosta egin zitzaion jokoan sartzea, lehen egindako tantoa bigarren jokoko 3-4koan lortu zuen, baina hortik aurrera bikain aritu zen. Zabaletak, bere aldetik, eskumuturrean eramandako kolpe txar batek eraginda edo, ez zion maila onari eusterik izan, Rezustak azkenerako asko orekatu zuen koadro luzeetako borroka, eta puntua gorria izan zen.

EZKURDIA, SENDOAGO

Lau eta Erdiko lehen partidan, sakearekin zalantzaren bat izan bazuen ere -esaterako hirugarren setak alde egin zionean azken bietan falta egin zuen-, Joseba Ezkurdiak lehen puntua eman dio Oiz taldeari, Danel Elezkano ausart bati (6-3, 6-4, 5-6 eta 6-1) gailenduta. Distiratsu aritu beharrik gabe, sakandarrak beste abiadura bat sartu zion pilotari eta, ezkerpareta ondo aurkituta, partida aurrera ateratzeko modua izan zuen.