GARA
BILBO

Jangelen auzian «benetako negoziazioa» abiatzeko eskatu dute sindikatuek

LAB, ELA, CCOO eta UGT Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean elkartu ziren atzo, Bilbon, kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmenaren negoziazioan patronalak duen jarrera salatzeko.

«Kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik, enpresek argi eta garbi esan zuten ez zutela inola ere onartuko enpresei gastu ekonomikoa eragiten dien edozein planteamendu», adierazi zuten sindikatuek ohar baten bidez.

Zentzu berean, salatu zuten azken bileran enpresek berriz ezezkoa eman zutela, «baita lizentziak bezalako proposamen sozialekin ere, eta oso argi utzi zuten estatutuan jasota daudenak eguneratu besterik ez zutela egingo».

Hori dela-eta, lau sindikatuek gaitzetsi egin zuten Lan Harremanen Kontseiluaren jarrera. «Ez dugu onartuko enpresek diru publikoa jasotzea eta langileen lan baldintzak ez hobetzea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur egun eskola publikoetako jangelak kudeatzeko duen ereduaren ondorio da hori. Pribatizazioa eta pribatizazio gehiago».

Alde horretatik, «langileen lan baldintzak hobetzeko benetako negoziazioa» exijitu zieten kudeaketa zuzeneko hitzarmenaren mahaian parte hartzen duten enpresei.