Peli LEKUONA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Iker Moreno
Nafarroako Torturatuen Sareko kidea

«Poliki-poliki apurtzen ari gara isiltasuna eta negazionismoa»

Nafarroako Gobernuak, beste lau lagunekin batera, Iker Moreno burlatarra biktima gisa aitortu du Estatuko Segurtasun Indarren aldetik jasotako torturak direla-eta. Nafarroako Torturatuen Sareko kidea da Moreno, eta haien aurkako indarkeria aitortzea zauria ixteko modua dela aitortu du NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Gobernuak Estatu espainiarreko Segurtasun Indarren biktima gisa aitortu zaitu. Albistea jaso berritan, nola zaude?

Deia jaso nuenean nahiko lasai hartu nuen berria. Baina anaiari deitu nionean kontatzeko, hitzak jarri nizkionean, dena nahastu zitzaidan eta nahiko mugituta nago. Era berean pozik, pertsonalki zerbait ixtea izango delako. Hori denborak esango du, baina hala izatea nahiko nuke, aitortza honek borobila ixtea. Eta kolektiboki uste dut beste urrats bat dela eta poliki-poliki ari garela ezkutuan dagoen hori edo urtetan isilarazi diguten hori argitara ateratzen.

Bost aitortza iritsi dira, baina gehiago ari dira kudeatzen. Zer esango zenuke aitorpenen erritmoaz?

Mantso goaz, baina uste dut lana ongi egin behar dela eta horrek denbora eskatzen duela. Gauzak denboraz eta ongi egin behar dira, baina ezin gara gelditu. Ni pozik nago. Atzo [asteartean] egunkarien bitartez jakin genuen beste 105 kasu tramitatzen ari direla une honetan. Nafarroan 1.000 kasutik gora egon dira eta, sarean eskuartean dugun informazioaren arabera, 300 pertsona inguru batzarretik pasatzeko prest agertu ginen. Bidea motela da, baina jarraitu egin behar dugu aurrera.

Nolakoa izan da prozesua?

Ez da erraza egin zigutena kontatzea, zauria berriz irekitzea delako. Baina, era berean, hitz egin dudan kide guztiak bat gatoz batzordeak duen tratua oso ona dela esatean, oso ongi hartu gaituztela, oso modu humanoan, entzun gaituztela, enpatia moduko bat egon dela eta zaindu gaituztela bertan izan garenean. Egia da elkarrizketa hori egitea ez dela polita. Baina haien aldetik ikusi dugu nolabaiteko sentsibilitatea eta erraztu dute gu eroso egotea, kontatu beharrekoa kontatzeko. Animatu nahiko nuke horren beldur den jendea; jakin dezatela batzordeko kideen aldetik ez dagoela inolako harrera bortitzik. Kontrakoa, oso ongi sentitu gara.

GARA-NAIZi eskainitako elkarrizketa batean aitortu zenuen zure mendekua jasandako torturak kontatzea izango zela. Horrek badu lotura errekonozimenduarekin eta prozesu honekin?

Nik uste dut baietz. Hamarkadatan isildua eta ukatua izan den errealitatea da tortura. Torturatutako pertsonak ere isilik mantendu gara. Nik argi nuen egin behar zela, baina kosta egiten da. Ezagutzen dugu hamarkadatan ezer kontatu ez duen jendea, hitzik jartzea lortu ez duena. Hori ere errespetatu behar da.

Gure belaunaldiak aldeko izan du azken urteetan ikusi dugula mugimendu independentistaren aurka tortura jada ez zela hainbeste erabiltzen. Nire kasuan kontatzea aringarria izan da, baita sendagarria ere. Beste pertsona helduago batzuek esan izan didate gauza berdina gertatu zaiela. Bikoteei, seme-alabei, gertukoei... ezin izan dietela kontatu eta orain, egin dutenean, gogorra izan dela, baina zama bat kendu dutela gainetik. Zauria ixteko beharrezkoa dugu honi buruz hitz egitea, jendeak gu entzutea, gu sinistea. Eta Nafarroako Gobernuak halako aitortza egitea eta esatea baietz, sinisten duela kontatzen duguna eta aitortzen duela gure kontra indarkeria erabili zela, zauria ixteko modu bat da.

Nafarroako hiriburuko Udaletik ere iritsi da aitortza. Aldeko botoa eman du PSNk, baina deigarriena, ziur aski, UPNren abstentzioa izan da.

Iruñeko mozio horrekin bi urteko lana itxi nahi genuen. Nafarroako Torturatuen Saretik torturatuak izan diren herrietan mozioak aurkeztu nahi genituen. Zehazki, 99 herritan saiatu gara aurkezten, 63tan onartu dira, beste batzuetan erantzunik ere ez dugu jaso.

Baina Iruñekoarekin bi urte hauetako zikloa itxi nahi genuen. Iruditzen zitzaigun tokiko entitateek aitortza egin behar dietela haien herrietako pertsona torturatuei eta egiaren aldeko bidean haien aletxoa jarri behar zutela.

Iruñeko kasuan ere emozioz bizi izan genuen unea; batetik, PSNren aldeko bozak eta UPNren abstentzioak frogatzen dutelako poliki-poliki ari garela hamarkadatako isiltasun eta negazionismo hori apurtzen. Guretzat pauso bat gehiago da, eta lagungarria da.